Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak antolatutako Eskola Agenda 21 ingurumen-hezkuntza programaren beste ikasturte bat amaitutzat eman dute; horregaz batera, EA21ari agur esan diote, datorren ikasturtetik aurrera EA2030 berriagaz hasiko baitira.
Ikasturte honetan, "Stop plastikoak!" gaia landu dute Plentzia eta Sopelako institutuetako ikasleek, bai zentroetan eta baita herrietan ere, plastikoen erabileraren aldetik jasangarriagoak izateko helburuagaz.
Ikasturtea ikastetxe bakoitzaren eko-delegatuaren aukeraketagaz hasi zuten, eta, pixkanaka, gaia betetzeko pausoak eman dituzte; bilakaera hori Txoko Berdeetan ikusi ahal izan da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "nahiz eta diagnostiko argirik lortu ez duten, plastikoek ingurunean eragiten dituzten arazoak modu sakonagoan aztertu dituzte, eta hauen aurka borrokatzen jarraitu dute".
Sopelan eta Plentzian erronka ezberdinak landu dituztela ere azaldu dute, eta, adibidez, aluminiozko papera, plastikozko botilak, eskolako materialak, eta, oro har, erosketak jasangarriagoak egiteko lanean aritu dira. Horretaz gain, plastikoaren erabilera ezagutzeko galdetegi bat eta aisialdian plastikoa murrizteko lehiaketa bat antolatu dituzte.
Hilabeteotan egindako lan guztiak erakusteko, maiatzaren 27an eta ekainaren 3an Udal Foroak antolatu zituzten Sopelan eta Plentzian, hurrenez hurren. Horietan, ikasleek egindako lanak eta lorpenak erakutsi eta ingurumenarekiko konpromisoak hartzeko eskaerak egin zizkieten udal-gobernuei, institutuak eta herriak hobeagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Bere aldetik, udal-gobernuek eskaerei erantzuna eman zieten eta, gutxienez, horiek ikertzeko konpromisoa hartu zuten.