Uztailaren 3an, Bilboko Areatzan mobilizazio-deialdia egin dute Hamaika Gara eta Gure Esku ekimenen baitan indarrak batzen ari diren alor anitzetako hainbat eragilek. 17:30ean hasiko den elkarretaratzean erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko asmoa dute, "Hamaika Gara erreferendumaren alde" lelopean. Antolatzaileek adierazi dutenez, "erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, krisia kudeatzeko eta krisitik nola irtengo garen erabakitzeko. Begirada altxatzen hasteko garaia da, unean-uneko urgentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin".
Jomuga horretan lagunduko diete Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño musikariek, Bilboko ibaian zehar nabigatzen ibiliko den itsasontzi batetik egingo dituzten zuzeneko emanaldiakaz. Egun horretan, jendea ibaiaren inguruan bilduko da: Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Areatzako eta Udaletxeko zubietan. Burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko deia egin dute antolatzaileek, bakoitzak bere kartelagaz, eta gura duenak eskuragarri ditu webgunean.
Horretaz gain, eskubidearen aldeko aldarria zabaltzeko modu asko dauden arren, "era original eta alai batean" egin gura izan dute: Itziar Ituñok eta Duplako Beñat eta Garik Instagramen botatako erronkari eutsiz, Hamaika Gara abestia dantzatuz, hain zuzen ere. Ziurtatu dutenez, "koreografia ez da zaila, eta edonork dantzatzeko modukoa da. Gainera, aurrez ikusi eta prestatzeko modua badago webgunean ikusgai jarri dugun bideo tutorialaren bidez".
View this post on Instagram
Bestalde, mobilizazioan parte hartzeko asmoa duen jendeari Konpromiso Txartela eskuratzeko proposamena egin diete. Horrela, zenbat pertsona bertaratuko diren jakinda, osasun neurriak egokitu ahalko dituzte eta mobilizazioaren gastuei modu kolektiboan aurre egin; txartelek 5 euro balio dute, eta Hamaika Gararen dendan eskuratu daitezke.
Krisitik burujabeago irtetea
"Autogobernua esaten dioten horrek ez digu osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman; autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa", adierazi dute uztailaren 3ko deialdiko antolatzaileek, eta gaineratu dute pandemia honek gizartearen arrakala are gehiago handitu duela, eta, ondorioz, "etorkizun duinagoa eta bizigarriagoa izan dezagun, gure bizitzen jabe izan behar dugu, erabakimena behar dugu".
Nabarmendu dute herritarren gehiengoak erabaki gura duela ikustarazi gura dutela, eta gehiengo hori burujabetzarako "prozesuan inplikatzea" dela Hamaika Gara ekimenaren helburua. Horretarako, indarrak batzen ari direla jakinarazi dute, erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko, eta bide honetan aktibo izan gura duten herritarrei hiru erronka jarri dizkiete: erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta kanpainaren eskumuturrekoa janztea, inguruan sinadurak biltzea eta uztailaren 3an Bilboko mobilizazioan parte hartzea.