Euskalgintza eta ekonomia soziala: #ElkarEkin erronkei aurre egiten!

Euskarak eta euskal kulturak gure gizarteko esparru desberdinetan (hedabideak, hezkuntza, aisia...) pairatzen dituzten gutxiagotze prozesuari eta jazarpen egoerei aurre egiteko sortu izan dira euskalgintzako esperientziak. Gizarte zibiletik, hau da, herritik hasi eta hazitako esperientziak dira denak. Beraz, euskalgintza gehienetan lotu izan da herrigintzarekin eta kulturgintzarekin. Oso gutxitan, ordea, ekonomiarekin. Eta are gutxiago, ekonomia sozialaren errealitatearekin.

Publiko-pribatu dikotomiaz harago kokatzen da ekonomia sozialaren proposamena, eta esperientzia ekonomikoen dimentsio kolektibo eta komunitarioan egin nahi du indar: kideen interes kolektiboa, jendartearen beharrizanak edo aipatutako bi dimentsio horiek (kolektiboa zein jendartearena) aldi berean uztartzen dituzten jarduera ekonomikoek osatzen dute ekonomia soziala.

GEZKIk, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (EHU), ekonomia sozialaren inguruan aritzea du helburu nagusitzat, ikerketan, prestakuntzan zein hedapenean. Eta, duela bi urte, GEZKIk UEU izan zuen bidelagun Ikastolak eta Kooperatibismoa (I. Topaketak) saioaren antolakuntzan. Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, Euskal Herriko erreferente diren ikastolen izaera kooperatiboan sakontzea izan zen topaketa horien asmoa, erronkak identifikatuz eta erantzunak proposatuz.

Bi urte igarota, topaketa horien bigarren urratsari helduz, proposamen berri batekin gatoz: kooperatibismotik ekonomia sozialera zabaldu eta ikastoletatik euskalgintza osora egin nahi genuke jauzi oraingoan. Erronka ez da makala: zelan lotu horren plurala den euskalgintza, askotariko egitasmoz osatzen den ekonomia sozialarekin? Zer beregana lezakete euskalgintzako eragileek ekonomia sozialaren proposamenetik? Ekonomia sozialean ohikoak diren zein tresna edo elkartasun mekanismo izan litezke baliagarri euskalgintzaren etorkizuneko erronkei begira? Eta baita alde erantzira ere: zer ikas lezake ekonomia sozialaren proposamenak, euskalgintzan martxan jartzen ari diren egitasmo eta ekimen ezberdinetatik?

Esan bezala, topaketa hauekin mahai gainean jarri nahi den erronka ez da makala, eta hargatik dihardugu Kontseiluarekin elkarlanean topaketaren diseinu eta antolakuntzan. Topaketa hauen helburu nagusia baita, jendarteari begiratzea baino areago, euskalgintzan barruranzko begirada bat lantzea, euskalgintzako eragileen antolaketa ereduen inguruan gogoeta egitea eta praktikak partekatzea, aurrerantzean sor litezkeen ekimen bateratuetarako ernamuinak ereitea.

Euskal Herria oso aberatsa da euskalgintzari loturiko esperientzia komunitarioei dagokienez, eta horietako asko eta asko dira Iruñeko Katakrak-era ekarri nahi izan ditugunak: Berria eta Argia, hedabideen sektorean; Errigora eta Aiaraldeko Ekintzen Faktoria, eskualde garapenean; Elhuyar eta Emun, berrikuntza sozialean; materialgintzan eta hezkuntzaren alorrean, berriz, Elkar eta Ikastolen Elkartea. Eta azkenik, AEK, Bertsozaleen Elkartea, Topagunea eta Kontseilua bera jardungo dira lanaren antolaketaren, interkooperazioaren eta izaera komunitarioaren inguruko gogoetan, Lanki Institutuko (Mondragon Unibertsitatea) eta Olatukoopeko (Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen sarea) lagunen moderaziopean.

Kide ugari bertaratuko gara hortaz ekainaren 28an Euskal Herriko hiriburura; izan ere, herri honetan ditugun esperientzia komunitarioez badugu zer kontatu eta partekatua ugari, baita horiek sendotzeko zer ikasi eta zer hobetua ere. Gaiak interesa piztu dizuen oro zaudete, nola ez, gonbidatuak ekimen honetara!

Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun