Euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko estrategia berria aurkeztu du Mankomunitateak

Hodei Torres · Ander Zarraga 2021ko eka. 25a, 17:00

Euskararen komunitatea saretuz, eta eskualdeko eragile sozialen eta instituzioen arteko elkarlana bultzatuz, gure hizkuntzak bizi duen geldialdia biziberritu gura dute Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerriek. Estrategia berriaz gain, Mankomunitateak Uribe Kosta Euskaraz Blai! marka ere aurkeztu du.

Euskararen olatuak dena busti dezan, Uribe Kostako Mankomunitateak eskualdean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko estrategia berria aurkeztu du gaur, ekainaren 25ean, Sopelako Atxabiribil hondartza ondoko begiratokian. Uribe Kostan Euskara Sustatzeko Estrategia 2021 izeneko egitasmoa eskualdean euskararekiko erronkak eta helburuak betetzeko gida-lerroak biltzen dira. 

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen plan berri horren aurkezpen-ekitaldian egon dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Lorea Bilbao Euskara Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua eta Josu Landaluze Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko lehendakaria. Halaber, horiekaz batera egon dira Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietako alkateak eta eskualdeko hainbat eragile sozial.

Landaluzeren esanetan, Uribe Kosta euskalduntzeko bidean, orain arteko estrategiak berrikusi ez ezik, garai berrietara egokitzeko beharra zegoen. Hala, estrategiak indartu, ahalik eta gehien adostu eta zabaldu egin behar direla adierazi du. “Aurkeztera ekarri dugun estrategia berri honen helburu nagusiak argi ditugu zeintzuk diren: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, handitzea. Euskararen doinua gero eta ozenago entzun nahi dugu gure kaleetan, herriko plazetan, gure kostaldeko mendi eta hondartza eder hauetan. Eta horretarako, adostasun zabal batean oinarritutako bultzada berritua eman nahi diogu, modu eraikitzailean planteatu dugu estrategia berria” azaldu du Mankomunitateko presidenteak.

Landaluzek, era berean, Euskara sustatzeko bidea berreraikitzen lemapean garatuko den estrategia berri horren nondik norakoak azaldu ditu, eta adierazi du helburu nagusi bati heltzen diola: Uribe Kosta osoan euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, eta erronka horiei begira jarriko dira Mankomunitateko herrietan inplementatuko diren egitasmo eta proiektu guztiak.

Helburu horiek berez ez dute inolako berritasunik beste herri edo eskualdeakaz alderatuz, baina bai helburu horiek lortzeko sortuko dituzten egiturazko baliabide berriei dagokionean, eta, horretarako, balorean jarriko dituzten oinarri nagusiak hauek dira:

  • Dinamika integrala eskualde osoan: Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizek bat egingo dute euskara zerbitzutik koordinatuta egongo den dinamika bateratu batean.
  • Euskararen komunitatea saretzea: euskaltzaleen eta euskara eskuratu gura dutenen sarea sortuko dute, partaideak trinkotuz, informatuz eta elkarren arteko harremanak indartuz.
  • Eragile sozialen eta politikoen arteko elkarlana: gizarte eragile sozialakaz eta euskaltzaleakaz batera, Hizkuntza Politika eraginkorrak sortu gura dituzte udaletxeetan.
  • Adin tarte eta sektore guztientzako ekimen eraginkorrak: euskararen ezagutza eta erabilera balorean jarri eta indartuko dute, horretarako Ariguneak berreskuratu eta sortzeko ekimenak zabalduko dituzte, euskarazko eskaintza publikoa indartuz.
  • Uribe Kostan Euskaraz Blai! Komunikazio plana: Uribe Kostan euskararen komunitatea eta dinamika identifikatzeko marka izango da, eta, horregaz batera, helburua diren taldeakaz eta sarekideakaz harremanetan jartzeko webgunea sortuko dute.

Planaren aurkezpenaren ondoren, Paule Loizagak eta Kerman Diazek bertso bana bota dituzte, "busti zaitez gugaz batera" gaian oinarrituta. Jarraian, Arima Dantza Eskolako kideek, kontakizuna eta dantza uztartuz Busti zaitez, Uribe Kostan Euskaraz Blai! izeneko performance berezia egin dute, eta, ekitaldiari amaiera borobila emateko, Gatibu taldearen Euritan dantzan abestiaren koreografia bat dantzatu dute.

Uribe Kostan euskaraz blai! marka

Estrategia berria ez ezik, gaurkoan, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Uribe Kostan Euskaraz Blai! marka ere aurkeztu du. Mankomunitatearen estrategia berri hori aurkezteko erabili den ekitaldi publiko hau ibilbide berri eta luze baten lehen urratsa besterik ez dela jakinarazi dute. Hala, iragarri dutenez, datozen egun eta hilabeteetan, Uribe Kostako eragile guztiakaz bilduko da Mankomunitatea, eta eurakaz partekatuko dituzte estrategia berriaren helburuak eta oinarriak. Horregaz batera, eskualdeko euskararen komunitatea osatzeko gonbidatu dituzte, eta, bide batez, Uribe Kostan Euskaraz blai! marka hedatzeko eta gizarteratzeko ekimen ezberdinak antolatzeko proposamena ere luzatuko diete.

Mankomunitateko Euskara Zerbitzua

Uribe Kosta Zerbitzu Mankomunitateak bere zerbitzuen artean sortu zuen 1997an Euskara Zerbitzu amankomuna. Ordutik, bai itzulpengintzan baita normalizazio alorrean ere, Uribe Kostako herrietan inplementatzeko proiektu eta egitasmo ugari martxan jarri dituzte.

Zalantzarik gabe, jarduera horiek urteetan beren eragin positiboak izan dituzte Mankomunitateko herrietan, hala ere, behin eta berriz agerian gelditzen ziren antolaketa, egituraketa eta komunikazio alorretan hainbat gabezia eta hutsune. Aldiz, 2020 urtean, ordura arte egindako ibilbidea bere osotasunean aztertu eta gero, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren egitekoak beste bultzada berri bat behar zuela ondorioztatu zuten, orain arte antzemandako gabezi eta hutsune horiei erantzun integrala eman ahal izateko.

Gauzak horrela, 2021 urtean, Bidea Berreraikitzen izenpean, estrategi berri bat martxan jartzeko lehen urratsak eman dituzte, eta, gaur, ekainaren 25ean, aurkezpen ekitaldi honen bitartez, publikoki zabaldu eta hedatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun