Ortzadarraren eta trans banderen koloreak gailenduko dira gaur beste guztien gainetik, ekainaren 28a LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baita. Aniztasunetik eta bizikidetzatik abiatuta, sexu- eta genero-askatasuna aldarrikatzeko egun honetan, Uribe Kostako hainbat agente sozialek beraien babesa eman diote LGTBI+ kolektiboari.
Gaurko antolatu dituzten ekintza aipagarriena arratsaldean egingo da, 19:30ean manifestazioa antolatu baitute Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuta. Leioako kolektiboek ere bat egin dute elkarretaratze horregaz, eta, 18:30ean jarri dute hitzordua, Romoko manifestaziora joateko.
Udalen atxikimendua
Bestalde, Udalek ere elkartasuna adierazi gura izan dute, eta, horretarako, agerraldiak eta adierazpen instituzionalak egin dituzte. Hala, Getxoko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdietako kideek ekitaldia egin dute udaletxearen atarian; aldarrikatu dute aurrera jarraitu behar dela gizarte integratzaileago, bidezkoago eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen aniztasunarekiko solidarioago eraikitzen, diskriminaziorik, indarkeriarik, estigmatizaziorik eta gizarte-bazterketarik gabe.
Kasu horretan, EH Bilduk erabaki du parte ez hartzea, argudiatuta aurreko osoko bilkuran proposatu zuten LGTBI+ politiketarako zerbitzua sortzeko ekimena bertan behera geratu zela, EAJ eta PSEk aurka bozkatu zutelako. Adierazi dute ez dutela parte hartuko "aurpegia zuritzeko besterik balio ez duten argazkietan".
Erakunde ekitaldia LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean integratzaileago, bidezkoago eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen aniztasunarekiko gizarte solidarioago eraikitzea aldarrikatzeko https://t.co/mvXj21Siql #Getxo #GetxoBiziEzazu #GetxoEkinez pic.twitter.com/esOnCzM0UG
— Getxoko Udala (@GetxoUdala) June 28, 2021
Leioako Udalak ere egun honetako aldarriagaz bat egin gura izan du, eta, bereziki, eskerrak eman dizkiete "askapenaren aldeko borrokan bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei". Horretaz gain, egun honetako erreibindikazioakaz duten konpromisoa adierazteko, herrian LGTBI+ kolektiboaren berdintasunerako zenbait neurri hartu dituzte, kolektibo hauek ordezkatzen dituzten taldeak bultzatu, indartu eta berdintasunean aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Adierazpen insituzionala. Ekainak 28 - #LGTBI+-en (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualak) Nazioarteko Harrotasun Eguna https://t.co/lM1sr8fHZz pic.twitter.com/OWZPHj2AzI
— Leioa Udala (@leioaudala) June 28, 2021
Plentziako Udalak ere zenbait ekintza prestatu ditu egunotarako, eta, ekainaren 29an, Ananda Molina intersex aktibistak hitzaldi bat emango du Goñi Portalean.