Naturarekiko gaitasunik ez nuela jabetzean, lanbide arruntaz pentsatzen hasi nintzen. Ikastea gustatu bai, baina ez zitzaidan buruan ezer geratzen. Argi zegoen beste gauza batzuetarako egina nengoela.
Botika-enpresa batera joan nintzen, produktuen saltzailea izateko. Hara non kabroi horiek ingelesa eta frantsesa eskatu zizkidaten; bat barik, hizkuntza bi.
Beste batean saiatu nintzen, industria-makinarira emana, baina bulegoan lan egiteko. Ingelesik bai? Baietz esan nien, ingelesa baneukala. Hiru egun, Alemaniatik hiru dei, iraun nituen enpresan. Nik ingelesa eduki bai, baina oso gordeta, eta ez nuen topatzen; seguruenik alemaniar horrek, berdin. Ez genuen elkar ulertu. Baina hori guztia suertea izan zen, txikitako ametsetara itzuli nintzelako. Beharbada super-heroia ez, baina heroi kategoriara behintzat helduko nintzateke. Suhiltzailea izango nintzen.
Uf! Proba fisikoak oso gogorrak. Ezinik.
Fisikoki erdi prestatuta nengoenez, udaltzain. Oinarriak ikusi eta hara non kabroi hauek euskara eskatzen duten. Salatu egingo dut. Bazterkeria halakorik!