Ikasturtearen amaieran Mallorcara bidaiatu duten pertsonen artean hasitako agerraldiaren harira, Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dute orain arte 267 kasu positibo detektatu direla EAEn agerraldi horri lotuta. Zehatz mehatz, baheketetan egindako 609 probetatik 118 COVID-19 kasu positibo detektatu dira. Gainerako positiboak COVID-19 kasu eta kontaktuen Zaintza Sareak egindako lanaren ondorioz arakatu dira Mallorcara joandako beste ikasle batzuen eta senidekoen artean. Positiboen artean Delta aldaera izateko susmagarriak diren 99 pertsona daude, guztien %37.
Kontuak horrela, eta Mallorcan kasu positiboakaz hartu-emanetan egon zitezkeen gazteak iritsiera luzatzen ari denez, populazio-baheketagaz jarraituko dute, birusaren transmisioa eteteko asmoz. Horrenbestez, Mallorcatik etorritako 16 eta 19 urte artekoei eskatu diete Osasun zentroan PCR bat egiteko hitzordua har dezatela.
Mallorcan konfinatutako getxoztarrak, etxean
Ekainaren 26tik Mallorcako hotel batean konfinatuta egon ondoren, atzo gauean bueltatzeko aukera izan zuten Getxoko bederatzi gazteak, koronabirusa detektatzeko probetan negatibo eman ondoren.