Getxoko Udalak eta Jata-Ondok lankidetza-hitzarmena sinatu dute turismoa sustatzeko

Ander Zarraga 2021ko uzt. 5a, 14:55
J. Landaluze, C. Mugica, A. Agirre eta I.O. Elgezabal lankidetza-hitzarmenaren aurkezpenean. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak eta Landa Garapenerako Elkarteak, Jata-Ondok, lankidetza-hitzarmena sinatu dute turismo sektorearen garapena eta hazkundea sustatzeko. Egitasmoaren lehendabiziko egitekoa izango da Bizkaiko Flyscharen balioa nabarmentzea.

Turismo-sektorea indartzeko asmoagaz, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Ion Gorka Elgezabal Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteko presidenteak. Horren bitartez, Getxo-Uribe eskualdean turismo-sektorearen garapena eta hazkundea sustatu gura dute. Ekimen horretan, eskualdeko turismo aktiboko 38 enpresak parte hartuko dute.

Gaur, uztailaren 5ean, lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, Amaia Agirre Getxoko alkateak, Jata-Ondo elkartearen presidenteak, Ion Gorka Elgezabalek eta Josu Landaluze Sopelako alkateak, .

Agirrek eta Elgezabalek adierazi dutenez, erronka nagusi bi bete gura dituzte hitzarmen honen bitartez: bisitarien kopurua handitzea –baliabideen jasangarritasuna errespetatuz, horien karga-gaitasuna arriskuan jarri gabe– eta eskariaren urtarokotasuna gainditzea; uda sasoian ez ezik, urte osoan zehar gozatu daitezkeen produktu, ibilbide eta esperientziak sortzeko egitasmoa da, hain zuzen ere.

Agirrek azpimarratu duenez, "lankidetza-hitzarmen honek aukera emango digu partekatzen ditugun baliabideen inguruko proiektuak martxan jartzeko, eta horien gainean batera jardungo dugu, modu ordenatuan eta irudi bakarra eta homogeneoa eskainiz, txangozaleei eta turistei begira. Horrek, zalantzarik gabe, eskaintzaren kudeaketa eraginkorragoa eta bisitatzen gaituztenen gogobetetasun-maila handiagoa ekarriko du". Horregaz batera, nabarmendu du modu parte-hartzailean egingo den egitasmoa izango dela, eremuko enpresa pribatuakaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz sinergiak sortuz.

Bizkaiko Flyscha

Jata-Ondo elkarteko presidenteak iragarri duenez, Bizkaiko Flyscharen balioa nabarmentzeko proiektua izango da hitzarmen honen esparruan garatuko den lehena. Turismoaren Kode Etikoagaz konprometitutako helmuga bete gura dute horrela, eta 2030 Agendaren garapen errazeko 17 helburuak betetzea du xede.

Hala, 2021eko ekitaldirako 33.000 euroko inbertsioa egingo dute (% 30 Getxoko Udalak eta % 70 Jata-Ondok), eta jarduera horren helburu nagusia da Bizkaiko Flyscharen inguruan dagoen natura-ondarea eta turismo-eskaintza biltzea eta hedatzea, Getxo eta Bakio arteko geo-ingurua biltzen duena, hain zuzen ere.

Elgezabalek gogoratu duenez, "Bizkaiko Flyscha lurraldeko 10 baliabide nabarmenetako bat da, eta estrategikotzat jotzen dira turismo-fluxuak lurraldean zehar dinamizatzeko eta birbanatzeko. Eskaintza horrek lurraldearen irudia dibertsifikatzen lagunduko du, eta egungo kontsumo-joerekin bat etorriz lan egingo du".

Proiektu honetarako prestatu dituzten jardueren artean hauek nabarmendu dituzte:

  • Marka berria sortzea eta www.flyschbizkaia.eus webgunea abian jartzea, geo-inguru horri buruzko informazio eta eskaintza turistiko guztia eskaintzeko.
  • Sustatzea proiektuagaz bat egin duten turismo aktiboko 38 enpresek garatutako jardueren eta esperientzien eskaintza zabala.
  • Informazio praktikoa zabaltzea beharrezko interes-turistikoko datu guztiak emanez (nola iritsi, nora jan, non lo egin, turismo-bulegoak…).
  • Eremuaren mapa diseinatzea eta editatzea.
  • Turismoa online sustatzeko kanpaina abiaraztea (Instagram eta Facebook).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun