Encounter bilkura egingo da eguenetik domekara, eta presentziala izango da

Uxue Igarza 2021ko uzt. 26a, 10:00

Teknologia berrien zaleak elkartzen dituen Euskal Encounter topaketa modu presentzialean egingo da aurten BEC-en; hori bai, partaidetza %10era mugatuta eta COVID-19ari aurre egiteko neurri zorrotzekin. 2019an 5.100 ordenagailu egon baziren ere, 540 egongo dira aurten.

Euskaltel Fundazioak antolatzen duen Euskal Encounter topaketa ezaguna BEC-era itzuliko da aste honetan, 22tik 25era. Azpimarratzekoa da pandemia sasoian Estatu mailan aurrez aurre ospatuko den lehenengo topaketa izango dela. Horretarako, baina, osasun neurri zorrotzak beteko dituzte; besteak beste, partaidetza %10era mugatzea.

540 ordenagailu hartuko ditu 2019an 5.100 makina bildu zituen 5. pabiloiak. Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan, neurriak betez, Encounterren "deskonfinamendu prozesuari" ekiteko aukera ikusi dute: "Helburua normaltasunera bueltatzea da, gutxika eta egoerak eskatzen dituen zuhurtasun, neurri eta murrizketa guztiekin".

Arauak arau, "ilusioz" ekingo diotela azaldu du Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko arduradunak. Gainera, aipatu du Euskaltelek eskainitako konektibitateak Encounter Estatuko topaketa "azkarrena" bilakatu duela. Horrez gain, azaldu du aurten "ahalegin berezia" egingo dutela ingurumenaren alde; horretarako, energia-kontsumoa murrizten eta hondakinak gaika biltzen lagunduko duten tresnak ahalbidetuko dituzte.

28 saio, online

Eguenetik zapatura bitartean, gai espezializatuei zein interes orokorrekoei buruzko hitzaldi eta tailerrak egongo dira online, interesa duen edonorentzat. Gaiak askotarikoak izango dira: bideo-jokoen diseinatzailearen rola eta sektore horretako ekintzailetza, kriptomoneten munduan sortzen ari diren iruzur-motak, adimen artifizialaren aplikazioak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan... 28 saioak Euskal Encounterreko Youtubeko kanalean ikusi ahalko dira. Bestetik, Twitch bidez Encounter TV programa eskainiko da; bertan, jardueren errepasoa eta elkarrizketak egingo dituzte, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun