Herritarrek eta bisitariek abuztuan eta irailean bisita gidatuak izango dituzte Sopela eta Berango lotzen dituen Burdinazko Hesiaren hondakinak ezagutzeko. Sopelako Udaleko Turismo Sailak antolatuta, bisita horien helburua da herrian turismoa sustatzea, Sopelan hain ezagunak ez diren beste alderdi batzuk nabarmentzea eta memoria historikoa bultzatzea.
Bisita gidatuetarako hitzorduak abuztuaren 15ean eta 29an izango dira, 10:00etan, Urko kiroldegiko aparkalekuan. Bertatik gotorlekuetara abiatuko dira, eta txangoak Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoan amaituko dira. Ibilaldiaren iraupena ordu eta erdi ingurukoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bertaratzen direnei gomendatu diete mendirako oinetakoak eta eguneko baldintza klimatikoetara egokitutako arropak eramatea.
Bestalde, Sopela Fest jaiagaz bat eginez, Sopelako kostaldeko itsaslabar ikusgarriak ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatuko dituztela aurreratu dute. Hala ere, oraindik ez dute xehetasunik eman irailean ospatzen den jaialdiaren inguruan.
Ekintza horietan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da; horretarako, turismo@sopela.eus helbidera mezu bat idatzi beharko da, izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta parte-hartzaileen kopurua adieraziz. Gainera, taldeek bisita bakoitzaren unean indarrean dauden osasun-neurriak bete beharko dituzte.