Elkartasun mezuak, hodeietatik Saharar herrialdera

Ander Zarraga 2021ko abu. 11a, 14:13

Aurten ere ez da Saharako umerik etorri Euskal Herriko familia eta udalekuetara, eta, bigarren urtez, ohikoa baino egoera gogorragoan dauden adingabeen bizi-baldintzak arintzeko proiektua etenda geratuko da. Hala ere, Fronte Polisarioak eta Euskal Herriko hainbat erakundek Mezuak Hodeietan kanpaina abiarazi dute, gutunen bitartez babesa eta berotasun guztia helarazteko.

Oporrak Bakean egitasmoa bertan behera geratu da bigarren urtez, beraz, ume sahararrak ezin izango dira Euskal Herrira etorri, uda basamortu latzetik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo igarotzeko. Horren ordez, eta Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan dauden adingabeen egoera gogorra arintzeko asmoagaz, Mezuak Hodeietan kanpaina jarri dute martxan.

Sahararrak lainoen seme-alabak direla dioen kondairari jarraituz, EAEko Fronte Polisarioaren ordezkariek, harrera familiek eta hainbat elkartek ahalik eta mezu gehien biltzeko helburua ezarri dute, elkartasunari eta umeen arteko harremanari eutsi ahal izateko. Horregaz batera, Saharako herriaren egoera ezagutzera eman eta kanpaina zabaltzeko bideo bat ere prestatu dute.

Azaldu dutenez, edonork idatz dezake mezua, edozein hizkuntzatan eta gura duena kontatzen; baldintza bakarra da mezua hodei baten barruan egon behar dela idatzita. Azaroan eramango dituzte mezu guztiak saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, baina iragarri dutenez, teknologia baliatuko dute horiek lehenago helarazteko.

Mezuak idaztean, eskaneatu edo argazkia atera eta oporrakbakean@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute. Gainera, Oporrak Bakean webgunearen bitartez posible izango da mezuak helmugara iritsi diren jakitea, eta saharar kanpalekuetatik datozen mezuak ere ikusgai egongo dira. Bestalde, gutunez gain, beharrezko materialak eta herritarren dohaintzak ere eramateko asmoa dutela iragarri dute antolatzaileek

Egoera larrian

35 urte baino gehiago daramatzate Euskal Herriko hainbat familiek, erakundek eta elkartek Oporrak Bakean proiektuan parte hartzen. Horren bidez, 10 eta 12 urte bitarteko ume sahararren bizi-baldintzak hobetzeko helburua dute, udaldia basamortuko berotik eta errefuxiatuen kanpalekuetako baldintza gogorretatik urrun igarotzeko aukera izan dezaten. Epe horretan, umeek aukera dute elikadura orekatua jasotzeko, mediku-bisitak egiteko, beste hizkuntza bat ikasteko, lagun berriak egiteko, jarduera ugari egiteko eta, azken batean, ezagutzen dutena ez den beste errealitate bat esperimentatzeko.

COVID-19aren pandemiak saharar errefuxiatuen kanpalekuetako egoera larritu du, besteak beste, mugak itxita daudelako eta horrek elkartasunezko karabanak iristea eragotzi duelako. Horretaz gain, 2020ko azaroan Marokogaz zuten su-etena bertan behera geratu zen, eta, beraz, sahararrak gerra egoeran daude ordutik.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun