Aurreko urteetan bezala, abuztuaren 21ean, zapatuan, Marea Horia antolatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak.12:00etan jarri dute hitzordua Gorlizeko hondartzan, eta, bertatik, Plentziako hirigunera joango dira, Ontziola plazan desagertutako pertsonei omentzeko, eta lore eskaintza egiteko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, zapatuko ekitaldiak helburu bikoitza dauka: alde batetik, mundu osoan milioika pertsonek bizi duten errealitate gogorra agerian jarri gura dute; izan ere, hainbat arrazoi direla medio, beren jatorrizko herrialdeak utzi behar dituzte, eta arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bihurri bati ekin behar izan diote, Europara heldu guran. Bestetik, gobernuei eta erakundeei esan gura diete nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio- eta harrera-politikak har ditzatela.
Zapatuko ekitaldian, exijituko dute espainiar Estatuan eta Euskal Herrian errefuxiatuak duintasun-baldintzetan egon daitezen, eta eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratu ahal ditzaten. "Euskal Herri abegikorra gura dugu, desberdintasuna errespetatzen duena, gaur egun gure gizarteak osatzen dituzten jatorri desberdineko pertsonakaz eraiki, eskubide-berdintasunean eta kulturen heterogeneotasunean errotua. Erbesteratuak izan ginen, babeslekua izan gaitezen", aldarrikatu dute errefuxiatuak babesteko plataformatik.
MAREA HORIA
— Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@oeebizkaia) August 18, 2021
Abuztuak 21 larunbata
12etan
Astondo-hondartza-Astillero
GORLIZEN ETA PLENTZIA#EskubideGuztiakDenontzatEdonon pic.twitter.com/lx2WJXF0tR
Egitaraua
- 12:00etan, Astondo hondartzako Hondartzapeko arrapalatik aterako da martxa, Plentziako hondartzaren amaiera arte.
- 13:00eta, giza-katea egingo dute Plentziako portuan, itsasadarreko pasealekutik, Ontziola plazara arte, eta, bertan, omenaldi-ekitaldia egingo dute.
- 14:00etan, ekitaldia amaitu ondoren, pintxo-pote bat eskainiko dute Ontziola plazan.