Domeka goizaldean, Plentziako hondartza inguruan gertatutako talde-bortxaketa ikertzen ari da Ertzaintza. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, domekan, 17 urteko biktimak salaketa jarri zuen, adieraziz goizaldean, 02:30ak aldera, hiru gizonek eraso egin ziotela.
Eraso matxista horren harira, ehunka herritarrek gertatutakoa gaitzetsi zuten domekan bertan, Sorginen Alabak talde feministak 20:00etarako deitutako elkarretaratzean.
Plentziako portuaren inguruan batu ziren, eta aldarrikatu zuten ez dutela eraso matxistarik onartuko; bertan, honako irakurketa egin zuten: "Ez dago indarkeria hau justifikatuko duen ezer. Askotan alkohola, parranda giroa, masifikazioak eta herrikoak ez direnen presentzia jartzen dira arrazoi bezala eta jomuga. Guk, aldiz, ozen salatzen dugu heteropatriarkatua jendartean errotuta dagoela, eta, beraz, edozein gunetan, egoeratan eta pertsonekin izan gaitezkeela jazarriak". Gaineratu zuten herritar guztien ardura dela indarkeriarik gabeko gune "sano eta seguruak" bermatzea, eta, horrela ez den bitartean, autodefentsa feminista aldarrikatzen jarraituko dutela esan zuten.
Bestalde, Plentziako Udalak bozeramaileen batzarra deitu du gaurko, astelehenerako, erasoa gaitzesteko oharra adosteko. Getxoko Udalak ere berdina egingo du, biktima bertakoa baita.
Bere aldetik, Plentziako jai-batzordeak sare sozialetatik adierazi duenez, "azken orduetan bizi dugun egoera dela eta", datorren asteko ekitaldiak atzeratzea erabaki du.