Erabakitzeko abagunea

Zelai Nikolas Ezkurdia 2021ko ira. 28a, 09:00

Zer erantzungo zenuke, esango banizu aldaketa politiko unearen atarian gaudela? Adituek diotenez, momentum berri baten abagunearen arrastoak badirela? Erne egonda, zuk zeuk egiaztatzeko aukera duzu.

Ez al da klima aldaketa orain arteko eredu ekonomiko eta sozialaren mugak agerian uzten, eta ekologia eta gizartea berritzeko beharra azalarazten? Eskoziaren bigarren erreferendumak ez al ditu Europako mapa eta harreman politikoak eraldatuko? Katalunia bere independentziaren erreferenduma legez egiteko ahaleginetan dabil, ez al da agerian geratzen bozkatzea demokrazian ezin daitekeela delitu izan?

Euskal Herrian, Gure Eskuk Hamaika Gara ekimenaren baitan sinadura bilketa abian du, gurean ere erreferenduma legez jaso dadin (autogobernu ponentziak eskaintzen du horretarako abagunea). Gainera, Kataluniako ANC eta Omnium gizarte-eragileekin elkarlanean, Pirinioetako gainak argiztatzera goaz, 2022ko uztailean, Europari eta munduari ozen esateko bi herri garela gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugunak. Hori ezin daiteke demokrazian delitu izan. Elkartasunetik elkarlanerako baldintzak sortzera goaz. Erabakitzeko abagunea elikatzea Gure Esku dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun