Zapatu honetan

Arrasateko martxa bertan behera utzi eta biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena egingo du Sarek herrietan

Erredakzioa 2021ko ira. 17a, 16:23

Argazkia: Sare

Sare herritarra plataformak Arrasateko martxa bertan behera utzi du, eta, horren ordez, biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena Euskal Herriko plazetara eramango du zapatu honetan; gurean, Algortan, Berangon eta Sopelan egingo dituzte mobilizazioak, 13:00etan.

Sare Herritarrak salatu duenez, giza eskubideen aldeko mobilizazio hori hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da sektore askotatik. Azpimarratu du, erantzukizunik gabeko jarrerak izan direla, eta indartu egin dituztela espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, eman diren aurrerapausoak gerarazteko presioa eta manipulazioa darabilten horienak. Sarek gogorarazi gura izan du Giza Eskubideak ezin direla bereizi eta ezin direla batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu.

Hori guztia dela eta, nahiz eta Arrasateko martxa bertan behera gelditu den, mobilizazioak iragarri dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Uribe Kostan ere.

Elkarretaratzeak zapatuan izango dira, Algortan, Berangon eta Sopelan, 13:00etan. Algortako hitzordua Telletxe plazan jarri dute, Berangokoa frontoian eta Sopelakoa, aldiz, udaletxeko berdegunean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun