Zientzia etxeko atarian

Kostaldeko Bioblitz-a. Zer demontre da hori?

Riki Mutuberria Zabala 2021ko ira. 24a, 13:34
© RICARDO MUTUBERRIA

Nor ez da txikitan itsasbeheran dauden arroka eta putzuetako arrain edo karramarro txikien bila ibili? Ziur hori izan dela naturalista gisa izan dugun lehen esperientzietako bat. Gaurkoan, biodibertsitatea ezagutzeko modu berri bat aurkeztuko dizuet: Kostaldeko Bioblitz-a.

Blitzkrieg (tximistargi gerra) terminoa Alemaniarrek Bigarren Mundu Gerran erabili zituzten eraso azkar eta sendoak izendatzeko erabili zen. Bioblitz bat inbasio azkar eta sendoa da, baina natura-gunekoak, biodibertsitatea eta aberastasun ekologikoa ezagutzeko eta katalogatzeko helburuarekin.

Kostaldea sakon ezagutuz.
Kostaldeko Bioblitz batean likenak, goiko landareak, itsas algak, lehorreko ornogabeak, itsas ornogabeak, arrainak, hegaztiak, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak aurki ditzakegu. Ekimenera bertaratuko direnek, kostaldearen historia naturala xehetasunez ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute, baina gogoratu errespetuz egitea eta izaki bizidunak ez kaltetzea.

Normalean, Bioblitz batean zientzialari profesionalek zein zaleek parte hartzen dute. Lehendabizi aztertuko dugun gunea mugatu behar da, horretarako, gure hondartzak eta hurbil dauden mendi-zelaiak oso aproposak dira. Hasteko, ordua eta iraupena zehaztu beharko ditugu, parte hartzaileak gonbidatzeko. Oro har, ordu edo egun batzuk irauten dute.

Helburu asko izan ditzake; nagusia: naturarekiko harremana sendotzea eta ondo pasatzea, natura-guneen biodibertsitatea eta aberastasun ekologikoa ezagutzen eta katalogatzen dugun bitartean. Horretarako, arruntena da parte hartzaileak talde txikietan banatzea eta fauna, flora, geologia eta ekosistemak aztertzeko ibilbideak egitea.

Herritar Zientzia deituriko mugimenduari esker edonork parte har dezake jarduerotan. Zientzialariak eta naturan adituek aurkitutako bizidunen buruzko datu harrigarriak partekatzen dituzte.

Teknologia berriak ere lagungarriak izan daitezke Bioblitz batean, natura zainduz eta errespetuz, biodibertsitatea identifikatzeko, katalogatzeko eta kontserbatzeko aukera ematen duelako. iNaturalist doako aplikazioarekin espezieen identifikazioa lor daiteke argazkien bidez. Gainera, aplikaziora igotzen ditugun datu horiek edonork erabil ditzake. Horrek aldaketak edo mehatxuak detektatzeko balio du; esate baterako: bertako espezieen desagerpena edo espezie inbaditzaileen agerpena.

Biook Getxoko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Iruñeko Terrabiota elkarteko lagunek gure kostaldeko lehen Bioblitza egingo dugu hilaren 25ean, Europako 2021 Bioblitz ekitaldiarekin bat etorriz. Helburua da etorkizuneko Bioblitzen oinarriak ezartzea, hurrengoetan herritarrak, zientzialariak, ikasleak eta beste erakundeak gonbidatu ahal izateko. 
Proba pilotu horretan, zientzialari edo aditu gisa parte hartu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: hello@biook.org edo info@terrabiota.org. Ekimen horren emaitzak eta etorkizuneko deialdien berri izateko ere, jarraitu Biook eta Terrabiotaren sare sozialak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun