Iaz, Steven Spielberg zuzendaria banaketa digitaleko plataformen kontra aritu zen. Netflix, HBO edo Amazon Prime moduko azpiegitura digitalak agertu zirenetik, ikusleriaren kontsumo-ohiturak erabat eraldatu dira. Egun, nork bere programazioa antola dezake, eta horrek honako ondorio hau ekarri du: film bat telebistan ikusteko, ez da itxaron behar kate batek hura emititu arte. Orain, kontsumitzaileok daukagu horren kontrola, gure esku dago noiz ikusi. Halaber, banaketa digitaleko plataformen eskutik etorritako ikus-entzunezko iraultzak beste ondorio bat ekarri du: zinema-aretoetan egin beharrean, etxeko telebistetan estreinatzen dituzte pelikulak.
Askotan, plataformetako film horiek ezin hobeak izaten dira, benetan onak bai hizkuntza zinematografikoaren aldetik, bai ekoizpenaren aldetik, baita aktoreen interpretazioaren aldetik ere. Esan genezake, dudarik gabe, zazpigarren artearen eredu eta adibide izan daitezkeen obrak egiten dituztela. Hain dira ederrak, hain maisu-lan bikainak, non sariak ere jasotzen dituzten. Hala eta guztiz ere, arazo bat dute: horiek ez direla zinema-obratzat hartzen, ez direlako estreinatu zinema-aretoetan.
2019ko Oscar sarietan, Alfonso Cuarón-en Roma obrak jaso zuen film hoberenaren estatuatxoa. Spielberg jaunak, zinema-industriaren beste profesional batzuen artean, sarien banaketa horren kontra jardun zuen. Ez zuten pelikula jakin horren maila edo kalitatea zalantzan jartzen, inondik inora. Eztabaida bestelakoa zen: Indiana Jonesen zuzendariak azaltzen zuen moduan, “zinemaren benetako esperientzia areto erraldoi eta ilun batean gauzatzen da”, eta ez norbere etxeko egongelan, bakarrik egonda, pantaila txikitxo bat aurrean dugula edo telefonoari noizbehinka begira, behin eta berriro narrazioaren haria galduz; horiek etxeko filmen ezaugarriak dira, eta euren ekitaldi zehatzak dituzte, Grammy sariak, hain zuzen. Horri aurka eginez, Netflixek Spielbergi erantzun zion plataforma berriek aukera ematen dietela ikusle guztiei estreinaldiez gozatzeko leku guztietan eta aldi berean, hartara nolabaiteko demokratizazio zinematografikoa aldarrikatuz.
Bada, nolanahi ere, plataformek ekarritako eta aintzat hartu beharreko beste ondorio bat, artearekin hainbesteko zerikusirik ez duena, baina horrek adinako garrantzia (edo handiagoa) daukana, zinemaren biziraupena bera baldintzatzen baitu: filmen bideragarritasun ekonomikoa. Izan ere, azpiegitura digitalen bidez hedatutako ekoizpenek berez ahula den sektorea erabat suntsitzea ekar lezakete. Pelikula guztiak plataformetan estreinatuko balira, jendeak zinemara joateari utziko lioke. Kontuan izan “zinemara” esan dudala, eta ez “aretoetara”.
Iritziak iritzi, aldarrikatu nahi dut “zinema” pantaila handietan proiektatzen diren filmak direla, fisikari batek uler dezakeen azalpen sinple baino sinpleago bat eskaintzearren. Aretoak beste mundu batera garraiatzen gaituzten tenpluak dira, eta pantaila handiak, berriz, dimentsio alternatibo horien leihoak. Etxeko telebistek, ordea. ez dute horrelakorik eskaintzen. Halere, soluzioak egon badaude: batetik, Oscar sariek kategoria berri bat sor lezakete plataforma berrietan estreinatzen diren pelikulentzat, argi uzteko zinemarekin duten ezberdintasuna; edo, bestetik, Netflixeko ekoizpenak zinema- aretoetan proiektatzeko akordioa erdiets liteke. Izan serieak, izan filmak, horien edertasuna pantaila handietan ikusteak esperientzia zinematografikoa areagotuko luke eta, nik, guk, guztiok, ikusle garen aldetik, eskertu egingo genuke.