Guztira 14 euskara elkarte batu dira Kukulaisira, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Ondokoak izan dira lehen txanpan federaziora batutako elkarteak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi topagunearen eraketan.
Taldearen sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, taldea Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da.
Eratze batzarraren hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute. Azaldu dutenez, hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, "aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da, eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten du". Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria.