Abian da mendiko ipuinen bigarren lehiaketa

Babestutako edukia 2021ko urr. 4a, 10:00

Club Vasco de Camping Elkartearen Errimaia aldizkariak literatura lehiaketa deitu du, bigarrenez. Euskarazko zein gaztelaniazko ipuinak aurkeztu behar dira, eta gaia mendia da, zentzu zabalenean hartuta. Lanak aurkezteko epea urriaren 15ean bukatuko da eta ipuin irabazleek 800 euroko sari bana jasoko dute.

Askok dute gustuko ipuinak entzutea eta beste hainbatek kontatzea. Baina zergatik idatzi ipuin bat? Kontatzea merezi duen abenturaren bat bizi izan duzulako edo amestu duzulako; idaztea gustuko duzulako; gozatu nahi duzulako edo sufritu… Horregatik guztiagatik, CVC- Errimaiak mendiko ipuinen lehiaketa jarri du abian. 

Mendiaren bueltako ipuinak

Euskarazko zein gaztelaniazko idazleek parte hartu ahal izango dute. Eta gaia mendia izango da, zentzu zabalenean –kirol, etnografia, historia edo beste edozein ikuspegitatik landuta–. Gehienez hiru lan onartuko dituzte lehiakide bakoitzeko, eta egileak autoretza eta jabetza intelektuala bermatu beharko ditu.

Euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira lanak eta hamar orri baino gutxiago izan beharko dituzte. Ipuinak honako helbide honetara bidali beharko dira: cvcc-errimaia@vascodecamping.com Aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da eta emaitza azaroaren 15ean argitaratuko dute. 

Bi irabazle izango dira: bata, gaztelaniazko lanaren egilea; eta bestea, euskarazkoarena. Eta bakoitzak 800 euro eta diploma-oroigarria jasoko ditu; horrez gain, ipuinak Errimaia aldizkarian argitaratuko dira. Ipuin finalistek, berriz, 200 euroko saria eta diploma jasoko dituzte oroigarritzat, eta horiek ere argitaratu egingo dira.

Epaimahaia osatuko dute mendi eta literatura munduan nabarmendutako pertsonek. Horien erabakiaren eta irabazleen berri azaroaren 15ean emango dute aditzera, Donostian, eta Club Vasco de Camping Elkartearen webgunean argitaratuko dituzte. Sari banaketa abenduaren bukaeran izango da; emaitza argitaratzen denean jakinaraziko den egunean, hain zuzen ere.

Argibide gehiago jakin gura dituenarentzat hona hemen oinarriak xehetasun guztiekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun