Bateraguneak antolatzen ditu TOKIKOM Sariak, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesagaz.
Urtero bezala, komunikazioan aditua den epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki-komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia EHUko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.
Komunitatearen Saria
Iaz bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, tokiko komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. Bozketa egiteko aukera zabalik egongo da urriaren 20ra arte.
TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko.
Sari-banaketa eta jardunaldiak
TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen baitan. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak laster jakinaraziko ditugu.