Urriak 12 "ezer ez ospatzeko" eguna dela aldarrikatu dute Sopelan

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 12a, 17:10

Urtez urte egin legez, urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, ezer ez ospatzeko eguna dutela aldarrikatu dute Ernai gazte antolakundeko kideek. Horretarako, eskualdeko manifestazioa egin dute gaur, Sopelan, 13:30ean, udaletxeko plazatik abiatuta.

Ernaik osasun-larrialdi egoeraren amaieragaz lotu du aurtengo Hispanitatearen Eguna. Izan ere, salatu duenez, ezohiko egoera hori baliatu du Espainiako Estatuak kapitalismoan eta espainolismoan sakontzeko: "Kapitalismo heteropatriarkalak aurrera egin duen moduan, hala egin du autoritarismoak, faxismoak eta espainiar Estatuaren asimilazio prozesuek ere. Pandemiaren kudeaketak errezeta garbia jarraitu du: espainiar zentralismoa eta autonomismoaren segidismoa".

Hori dela eta, Hispanitatearen Eguna borrokarako eguna aldarrikatu du gazte antolakundeak: "Erregimenari arrakalak biderkatzeko eguna da gaurkoa, Erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa".

2021eko urriaren 12a, Hispanitatearen Egun Nazionala. Osasun larrialdiaren amaiera omen Euskal Herrian. Pandemiak zeharkatutako urte eta erdian zehar krisi anizkoitzen eztanda bizi dugu, eta datorrenaren atarian kokatu gara. Mundua hankaz gora jarri den moduan jarri da baita ere gure herria. Eta nola ez, kapitalismo heteropatriarkalak aurrera egin duen moduan, hala egin du autoritarismoak, faxismoak eta espainiar estatuaren asimilazio prozesuek ere. Pandemiaren kudeaketak errezeta garbia jarraitu du: espainiar zentralismoa eta autonomismoaren segidismoa.

2021eko urriaren 12a, Hispanitatearen Egun Nazionala. 529 urte dira Espainiako Inperioak Hego Ameriketako etnizidioa abiatu zuela. Eta 529 urteren ostean hala ospatzen jarraitzen dute. Ukazioa eta inposizioa harrotasunez bizi duen estatua da Espainia. Hego Amerikan indigenak erail zituen supremazismo arrazistan baitu oinarri egun mugak itxi eta haien herrialdeetatik ihes egitera behartu dituen estatu ustelak.

2021eko urriaren 12a, Hispanitatearen Egun Nazionala. Harrotasunaren atzean, lurraldetasun krisi sakona ezkutatu nahi duen estatu ukatzailearen jaieguna. Demokraziaz mozorraturiko Erregimenean oraindik ere debekatua baitugu, Euskal Herriak eta estatuko gainontzeko nazioek, geure izatea eta izaera erabakitzea. Geure bizitzen esparru guztien jabe izatea.

Gaur, gazte independentistok ez dugu ezer ospatzeko. Kontrara: 78ko Erregimenari arrakalak biderkatzeko eguna da gaurkoa, Erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa. Gure herriaren biziraupenaren izenean ezinbestekoa zaigu gazte independentistoi 78ko erregimenaren ametsik gaiztoena izaten jarraitzea. Egun argitan gure herria militarki okupatzen dutenak direlako gauez eraso faxistak egiten dituztenak. Frankismoaren erreforma transakziorako baliatu zuen oligarkia bera baita gaur egun langileon bizitzekin jolasten dabilena. Horren ondorio da esaterako azken hilabeteotan oligopolio elektriko espainiarrak argindarraren prezioaren espekulazioarekin eragindakoa. Tribunalek funtseko papera betetzen jarraitzen dute Erregimenaren oinarriak erori ez daitezen. Izan ere, “justizia espainiarra” izan da usteldua dagoen monarkiari inpunitatea osoa eman diona eta, aldi berean, inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak zuzendu dituena.

Aukera zabalik dugu. Bestelako Euskal Herria posible da. Garai nahasi hauetan, Euskal Herriaren eraikuntza helduleku bilakatu behar dugu. Orain inoiz baino gehiago, geure egitekoa da euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea. Urriaren 12an bezala, egunerokoan, herri eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko unea da. Jarrai dezagun bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen, egunez egun langile sektoreon beharretara dagoen herria eraikitzen. Gazte borrokaz eta antolakuntzaz, duintasunak independentziaren forma hartuko baitu. Gazteok independentzia!

Argazkiak Uribe Kostako Ernai gazte antolakundearenak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun