Errigorak Nafarroa hegoaldean euskara bultzatzeko kanpaina aurkeztu du

Babestutako edukia 2021ko urr. 22a, 16:48

Urriaren 23tik azaroaren 11ra bitartean, Nafarroa hegoaldea berreuskalduntzeko egingo den auzolan ariketa-erraldoia aurkeztu du Errigorak, "Herriak egiten du herria" lelopean. Kanpaina horretan, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dituzte, eta horien balioaren % 25 eremu horretako euskalgintza bultzatzeko bideratuko dute.

Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausoak emateko baliatu dute.

Bide horretan, herri-lana izan dute lanabes. Txikitik handira apustu eginez eta inori konturik eskatu gabe, nork bere ahal eta gogoaren arabera egindako ekarpen askotarikoak batzeko gai izan dira eta, herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dute.

Agerraldiaren sorrera norabide berean emandako pausu berria da. Izan ere, denbora gehiegi joan da Nafarroa hegoaldean eta erdialdean aldaketaren zain, egun seinalatu batean euskararen arazoak zerutik eroritako soluzio magiko batek konponduko balitu bezala. Herritarrek ekarri ezean, aldaketarik ez dela helduko sinetsita sortu dute, hain zuzen, Agerraldia. Bere garaian erromatarrek ager vasconum izendatu zuten eremua berreuskaldundu gura duten herritar guztiak saretu eta mugimendu ekintzaile bat sortzeko. Izan ere, bokazio praktikoa du Agerraldiak: egiteko eta eginarazteko sortu da; instituzioen utzikeriaren edo, are, eragozpenen aurrean, herri-ekimena nagusitu dadin, euskararentzat aro berri bat zabaltzeko.

"Herriak egiten du herria" leloa izango du, beraz, 2021eko "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainak. Urriaren 23tik azaroaren 11ra luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko —alegia, Agerreko— produktuz osatutako hiru saski eskainiko dituzte eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko dute.

Urteotako diru-ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko. Agerraldia bera kanpaina honen dinamikatik sortu da, eta kanpainak uzten duen diru-ekarpenak ematen dizkio lanerako baliabideak. Hala ere, bidea ez da amaitu eta, oraindik orain, herritarron elkartasuna behar-beharrezkoa dute egitasmo hauek guztiek.

Hiru saski eskaintzan

Azken urteetan egin duten bezala, hiru saski izango dituzte kanpaina honetan: saski beltza (55 euro), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65 euro), ekologikoa, eta saski zuria (75 euro), berezia. Aurten, gainera, saski bakoitzean egutegi txukun bat sartuko dute, Errigoraren eta Agerraldiaren argazkiak eta informazioa jasoko dituena.

Eskaerak

Errigoraren webguneak eskaintzen du eskaerak jasotzeko bide eraginkorrena eta sinpleena. Hala ere, jakitun dira hainbatek zailtasunak izan ditzakeela internet bidez eskaerak egiteko edo nahiago izan dezakeela ohiko bideak erabiltzea eta, beraz, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke eskaerak, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun