Dohainik ote?

Iratxe Marta Linares 2021ko aza. 4a, 14:53

Orain dela gutxi, euskaltegiok ikasturte berria abiatu dugu. AEKideok pozarren zabaldu dizkiogu ateak normaltasunetik gertuago hasi den ikasturteari.

 Irailean, ikasturtero bezala, matrikulazio kanpainan murgildu ginen, ikasleak/bezeroak/euskaldunak erakarri nahian. Eta, irailean zehar, errepikatu zitzaigun kontzeptua sartu zen gure laneko hiztegian: dohainik, doan, musu-truk. Komunikabideetan Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen kontzeptua da: orain, B2 mailara arte euskara ikastea dohainik izango omen da, debalde. Orduan, euskaltegian izena ematean, zergatik ordaindu behar da?

Doakotasuna trukean ezer jaso gabe zerbait ematea da. Aurretik ordaindu beharreko zerbitzua ez da doakoa, % 100ean diruz lagundua da, baina debaldekoa ez. Argi dago horrek doakotasunaren bidean jartzen gaituela, eta hori izan dela urteetan aldarrikatu duguna, baina momentu honetan eskuartean daukaguna ulertu beharko genuke. Doako zerbitzuak eskaintzeko arrazoiak asko dira: produktuaren sustapena eta marketina, besteak beste. Kasu honetan, euskararena. Eusko Jaurlaritzak marketin kanpainak abiatu barik, hobe luke informazio zintzoa eta garbia zabaldu, eta benetako doakotasunean urratsak ematen jarraitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun