Aurreko astean, azaroaren 24an, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bere historiako aurrekonturik handienak onartu zituen: 2.311.944 euroko zenbatekoa aurreikusi zuten 2022rako, aurten baino %13 gehiago (267.637 euro gehiago). Pandemiaren ondorioek markatutako 2022ari aurre egiteko aurrekontuak direla azaldu dute erakundeko iturriek; horretaz gain, azpimarratu dutenez, mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietako biztanleen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko helburua ere mantenduko dute.
Kontuek botoen gehiengo osoa lortu zuten, aldeko 12 botogaz (EAJren 11 eta PSE-EEren bat); EH Bilduko bi ordezkariak abstenitu egin ziren. Azaldu dutenez, aurrekontuen partidarik handiena Gizarte Ongizate sailak izango du, 953.536 eurogaz (aurten baino % 4,21 gehiago), eta, ondoren, Ingurumen sailak, 717.423 eurogaz (% 37,14 gehiago). Igoera horren arrazoia laster esleituko den papera eta kartoia gaika biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuaren kontratuaren berritzea dela zehaztu dute. Kontratu horri esker, zerbitzua hobetu eta udalerri mankomunatuetan birziklatze-tasa handitu gure dutela adierazi dute.
Bestalde, Gizarte Ongizate sailari dagokionez, Bilbo eta Barakaldo bezala, Uribe Kostako Mankomunitatea eta Getxoko Udala dira etxerik gabeko pertsonei arreta emateko gaueko harrera-zerbitzua eskaintzen duten erakundeak. Aterpetxeari esker ia hogei plaza eskaintzen dituzte behar dutenentzako. Leku berean, eguneko arreta zerbitzua ere eskaintzen dute, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzat. Era berean, mankomunitateak harrera-etxeak ere ditu gizarte-larrialdi egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden edo indarkeria matxistaren biktima diren pertsonentzat.
Halaber, etxez etxeko laguntza-zerbitzu indartsua izateaz gain, jakinarazi dutenez, urtarriletik aurrera sartuko da indarrean Bizkaiko Gurutze Gorriagaz sinatutako lankidetza-hitzarmen berritua. Hitzarmena 30.000 eurora arte handituko dute (2021ean baino 10.000 euro gehiago), eta, besteak beste, adinekoek zahartze aktibo eta osasungarria izateko ekintzak, laguntza teknikoen alokairuak edo boluntarioen laguntzak indartuko dituzte.
Horretaz gain, Berdintasun saila izango da bere partida nabarmen handituko duen beste arloetako bat, 12.0139 euroko aurrekontua izango baitu (+% 26,51); izan ere, Mankomunitateak saila kudeatzeko langile propioak izatearen aldeko apustua egin gura baitu.
Azkenik, Euskara eta Kontsumo Sailek ez dute aldaketa handirik izango hurrengo urteko partidan: 412.723 euro eta 104.120 euroko aurrekontua izango dute, hurrenez hurren.
"Egia da Mankomunitatearen historiako aurrekonturik handiena dela, baina azpimarratu nahi nuke erakundearen historiako konturik sozialenak direla. Pandemia hasi zenetik, bi premisa nagusiren inguruan lan egin dugu: batetik, Uribe Kostako herritarrak babestea; eta. bestetik, lehen minututik eskualdeko kolektibo zaurgarrienei arreta emateko gizarte-zerbitzuen funtzionamendua bermatzea. Berdintasun eta Gizarte Zerbitzutako sailetatik lehentasun politiko eta sozialak egokitu eta bideratu behar izan ditugu. Kontu hauek lan ildo honetatik jarraitzearen alde egiten dugun apustuaren isla baino ez dira”, azpimarratu du Josu Landaluze Mankomunitateko
presidenteak.
Landaluzek azpimarratu duenez, Mankomunitateak lanean jarraituko du gaur egun ematen diren zerbitzuak indartu eta hobetzeko, eta, horrela, Mankomunitatean ordezkatuta dauden udalerrien kezkei eta eskaerei erantzuten jarraitu gura dute. Zentzu horretan, presidentea prest agertu da organoa osatzen duten gainerako alderdiakaz elkartzeko eta guztien onerako indarrak batzearen alde egiteko.