Uribe Kostako udalek Migraziorako Euskal Itun Sozialagaz bat egin dute

Ander Zarraga 2021ko abe. 1a, 12:32

Eusko Jaurlaritzak sustatutako migratzaileen aurrean erantzun solidario eta arduratsua emateko helburu etikoa duen dokumentuagaz bat egin dute eskualdeko udalek.

Uribe Kostako udalek Eusko Jaurlaritzak sustatu duen Migraziorako Euskadiko Itun Sozialagaz bat egin dute. Udaleko osoko bilkuretan aurkeztu eta onartu duten dokumentuak xenofobiaren edozein erabilera populista ekiditeko konpromisoa bilatzen du, gehiengo demokratikoaren pisua eraginkorra izan dadin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak EAEko udal guztiei eskatu die bidalitako dokumentua udalerrietako elkarte, erakunde eta egokitzat jotzen dituzten guneetan zabaltzeko.

 

Azaldu dutenez, Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren abiapuntuak aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana dira. Dokumentuak, migratzaileentzako prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko helburua dauka, bereziki kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen kasuan, besteak beste, bakarrik dauden emakumeak edo ardurapean adingabeak dituztenen eta giza-eskubideen indarkeriaren biktimak direnen kasuan.

Honen bitartez, udalek honako konpromisoak bereganatu dituzte:

  1. Itunarekiko atxikimenduak bere baitan dituen printzipio eta balioekiko oinarrizko konpromisoa onartzea suposatzen du, eta horren arabera jokatzea, bai banakako mailan, bai erakunde mailan.
  2. Itunari atxikitzeak bere onarpen publikoa dakar, haren funtsezko edukia eta adierazpen sinbolikoak bere gain hartzea, ahal den neurrian hura garatzen eta sozializatzen laguntzea, eta, batez ere, hura inspiratzen duten printzipioak eta balioak erreal egingo dituzten egiturak, araudiak eta protokoloak egituratzea.
  3. Itunarekiko atxikimenduak intentsitateak dakartza: bere edukiek dokumentua izenpetuko duten erakunde guztiak lotzen dituen arren, konpromiso hau handiagoa izan behar da, aginduzko forma hartu arte, instituzioen kasuan, erantzukizun publikoren bat duten pertsona eta erakundeetan.
  4. Itunari atxikitzeak beragaz dakar erakunde publiko eta pribatuek eta gizarte-erakundeek akordio sozialak eta instituzionalak lortzea, euskal gizartearen dibertsitate gero eta handiagoa aukera gisa kudeatzeko, bai beren jarduera-eremu espezifikoan, bai beren jarduera garatzen duten eremu geografikoan.
  5. Itunarekiko atxikimenduak, bere printzipioak garatu eta bermatuko dituzten neurriak sustatuz, zuzenean edota zeharka, hauek hautsiko dituzten jokabide, jarrera eta adierazpenen aurrean postura aktibo bat hartzea dakar.
  6. Itunari atxikitzeko, beharrezkoa da, halaber, xenofobia eta diskriminazio mota guztien berri izateko alerta eta salaketa mekanismoak ezartzea.
  7. Itunarekiko atxikimenduak ez du mugatzen, aitzitik, bere printzipioak eta balioak urratzen dituen edozein neurri politikoren aurrean gaitasun kritikoa indartzen du. Itunarekiko atxikimenduak izenpetzaileak erabat legitimatzen ditu, instituzio politikoei gogoratzeko, edozein egoeratan, erantzukizun handienagaz jokatzeko eginbidea dutela immigrazioaren eta aniztasunaren gaigaz zerikusia dituzten kontuak heltzeko orduan.
  8. Azkenik, Itunari atxikitzeak beragaz dakar ebaluazio-mekanismoen aplikazioa onartzea, Jarraipen Batzordearen bidez. Batzorde hori sortuko da ebaluazio hori gizarteko eta erakundeetako hainbat esparrutan benetan aplikatzen dela ziurtatzeko, eta, horretarako, jardunbide egokiak egiaztatzeko eta aitortzeko hainbat modu garatuko ditu.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun