Euskarabentura Espedizioa 2022 edizioaren izen-emate epea gaur zabaldu da Albaolako Itsas Kultur Faktorian. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazte euskaldunek 2022ko martxoaren 4ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko, horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu, eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere.
Aurten, hautagaitza bidali gura duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: "Gure aisiaren espazioa", gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko; "Moda azkarra", arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta "Zer ginen, zer gara, zer izango gara", soilik historiatik ikasiz eraiki daitekeelako etorkizuna. Proposatutako gai eta formatuakaz gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri gura ditu elkarteak.
Abenturaz jositako hilabetea
Uztailean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain, euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi eta espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik.
Lehen mundubiraren 500 urteak beteko dira 2022an. Horren harira, hurrengo espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa izango da, "gure bizimoduan duen eragina, Euskal Herriak horrekin daukan harremana, izango da, eta horrek historian zehar izan duen bilakaera aztertzera gonbidatuko ditugu gazteak", azaldu dute gaurko aurkezpenean. Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta kontakizun historikoez hausnartzeko aukera izango dute. Horretarako, EuskarAbentura Elkartea Elkano Fundazioagaz elkarlanean arituko da, gazteen izen-emate proiektuaren hirugarren gaia diseinatuz eta baita espedizioan landuko diren hainbat ekintza antolatzeko ere. "Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu. Gogoeta ahalegin hauetan gazteen ahotsa entzun nahi dugu eta EuskarAbenturak landutakoa eta lantzeko moduak, baldintza egokiak sustatzen ditu hausnarketarako", azaldu du Elkano Fundazioaren zuzendari den Ion Irurzunek.
Euskara bidelagun
Espedizioaren helburu nagusia da euskara gazteen bizitzaren erdigunera eramatea eta, era berean, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea, "gaur egun euskarak indartzeko behar dituen arloak lantzea, alegia". Proiektuaren babesleen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari den Xabier Arauzok esan duenez: ”Belaunaldien arteko transmisioa bermatzea garrantzitsua da, gazteak hizkuntzaren biziberritzea sendotzeko prozesuan giltzarri izateaz aparte, balioa emoten jakelako geure herriko ohiturei, kulturari, ondareari eta historiari. Ezagutza partekatzeko abentura da Euskarabentura eta, ganera, erakusten deusku ez gareala kanpora inora joan behar altxorrez eta txoko ederrez gozatzeko, geurean kanpoan besteko leku, abentura eta esperientzia interesgarriz gozatzeko aukera dago".
Ekaitzaren ostean dator barealdia
Osasun krisiak eraginda, 2019ko uztailetik EuskarAbenturak ez du espedizio formatua izan, osasun egoeraren beharretara moldatu behar izan duelako azken bi urteotan. 2022ko uztailean, aldiz, lehengo moldera bueltatzeko asmoa dute antolatzaileek, 130 gazte Mauletik Getxora Euskal Herria oinez zeharkatzen, "betiere momentuan indarrean dauden neurriek ahalbidetzen badute".