IMQk kaleratu gura dituen beharginak soldata hobeagoen aldeko borrokan ibilitakoak direla azaldu du ELA sindikatuak, "borroka sindikalaren bidez eta auzitegietan jarritako demanda eta irabazitako epaiei esker". Duela urte bi, gainera, langileok mobilizatu egin ziren berdintasun-plan baten alde, "besteak beste, urtetan behin-behineko egoeran zeuden hainbat lankiderentzat kontratu finkoa bermatzeko".
Joan den apirilean, gainera, sindikatuak azaldu duenez, langileen batzordeak azpikontratagaz negoziatzea erabaki zuen, garbiketa-sektorean lan bera egiten duten gizonezkoen kolektiboarekiko dagoen soldata arrakala gainditzeko asmoz. Urrian, negoziatzeko beharra nabarmendu zuten berriro, baina, enpresaren ezezkoa ikusita, azaroan mobilizazioak abiatu zituzten Zorrotzaurreko klinikaren aurrean, baita greba mugagabea deitu ere. Protesta horren aurreabisua egiterakoan, IMQ taldeak zerbitzua kudeatzen duen enpresagaz zuen kontratuari amaiera ematea erabaki zuen, eta, ondorioz, "bere instalazioetan bizi guztia lanean eman duten 90 emakume langile kaleratu nahi ditu", salatu du ELAk.
IMQren erabakia grebaren eta langileen borrokaren aurkakoa dela nabarmendu du sindikatuak, eta auzitara jo du "IMQk ez dezan askatasun sindikala gehiago urratu, eta kalte-galeren konpentsazioa galdatzeko".
ELAk zabaldu duenaren arabera, Virgen Blancako eta Zorrotzaurreko kliniketan daborduko ez dago garbitzailerik, eta urtarrilaren 1etik aurrera lantalde oso bat kontratatuko du IMQk, "zeinak ez duen inolako esperientzia edo trebakuntzarik izango". Horren aurrean, ELAk adierazi du enpresak esan duela 90 kaleratzeak "kalitate eskakizunak betetzeko" egingo dituela, "baina sar daitezkeen balizko langileei online ikastaroak egiteko ari da eskatzen, esaterako lehen artari buruzkoak. Hau da eskaini nahi duen kalitatezko zerbitzua: kliniketan trebakuntzarik eta esperientziarik ez duen lantaldea, prestakuntza online, bere kasa egin behar duena. ELAren ustez hau erabateko arduragabekeria da; horregatik, IMQko erabiltzaileei dei egiten die dagokion kexua jar dezaten".
Hori guztiaren aurrean, ELAk IMQ taldearen zentroen aurrean elkarretaratzeak egingo ditu abenduaren 23an, eguenean, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara, Getxoko Mesedeetako kaleko 23 zenbakian dagoen lokalean, besteak beste.