Nora goaz?

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 23a, 08:09

Jakingo duzuen legez, garai latzak bizi izan ditu HIRUKAk azken urteotan. Hala ere, esan genuen legez, gurdi bete gogoz gabiltza aurrera egiteko, eta zuok, HIRUKAlagunok, gure bidelagun izatea gura dugu. Lagunduko gaituzue?

Urtez urte tradiziozkoa bilakatu zaigun Gabonetako aldizkari berezi honegaz emango diogu amaiera 2021ari, eta datorrenari zein joandakoari begiratzeko sasoia dugu oraingoa; aurrez aurre ditugun erronkei buru egiteko prestatzekoa eta, neurri berean, atzean utzitakoari, behingoagatik, agur esatekoa, hain zuzen ere.

2015eko urtarrilaren hasieran konpartitu zuen HIRUKAk bere lehenengo albistea sarean, eta hilabete bereko 22an kaleratu bere lehenengo astekaria. Horrenbestez, hedabide xume honen zazpigarren urteurrenaren bueltakoa izango da 2022a. Urteotan guztiotan, HIRUKAk hamaika oztopori eta erronkari aurre egin behar izan dizkio; 2018ko itolarritik arnasgunera atera genuen proiektua 2019an; «hil ala biziko urtea izango da hau», esan genuen horretan, eta hartu beharreko martxa eman ahal izan genion, zorionez. Hala ere, hurrengo urtean bete-betean denok kolpatu gintuen pandemiak, hein batean bada ere, proiektu honen norabidea irauli egin zuen, aurten, 2021an, oraindino zuzentzen saiatzen gabiltzana. Horren erakusgarri dugu bidean galdutako publizitatea, laguntzak eta eskualdeko udal batzuen babesa –begiratu 03. orria; Uribe Kostako 10 udalerrietatik, gaur egun, zazpik baino ez dute proiektu hau babestu aurten–.

Garai latzak bizi izan ditugu urteotan guztiotan, bai, baina, 2017an esan genuen legez, gurdi bete gogoz gabiltza aurrera egiteko, eta zuok, HIRUKAlagunok, gure bidelagun izaten jarraitzea gura dugu! Asko izan zarete urteotan guztiotan gu babestu gaituzuenak; norbanako, elkarte, erakunde zein bezeroak; esker mila! Izan ere, oztopoz oztopo, zu hurbileko kontuez informatzeko, zuk euskaraz bizi eta pentsatu ahal izateko murgiltzen gara egunero-egunero tokiko euskal prentsaren abentura eder honetan.

Euskarak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko urtea izango du 2022an. Korrikaren eta Euskaraldiaren urtea. Ekitekoa. Gurean ere, berezia izatea gura dugu; bide berri bati ekitekoa. Ilusioz beterikoa. Orain artekoak hobetu gura ditugu, esperimentatu, egokitu; baina, betiere, euskara eta tokikotasuna erdigunea izanda. Horretarako, denon gurdia den proiektu hau bide onean jartzeko eman beharreko pausoak zuokaz eman gurako genituzke. Gurdia bete ilusio eta lanez, hel diezaiogun bada erronkari! Zure ekarpen, parte-hartze, bultzada, burutazio eta proposamenen begira gaude... Gurditik tiratzeko prest? Goazen bada! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun