Azken urte eta erdian bizi izan dugun pandemia-egoerak agerian utzi du zer-zelako garrantzia duen ikerkuntzak gizartean. Inoiz baino gehiago, hedabideek leku nabarmenduetan aurkeztu dituzte ikerlarien balorazioak eta lanak, COVID-19 izeneko gaitzaren nondik norakoak azaltzeko eta jendeari ulertarazteko, besteak beste. Ikerkuntzari esker, gainera, gaur egun bizi dugun nolabaiteko "normaltasunerako buelta" ahalbidetu duten txertoak eta botikak garatu dira; mugarri bat izan da hori, dudarik gabe, gizateriaren historian inoiz baino denbora gutxiagoan izurrite mundial bati ateak ixteko, edo, behintzat, horretan laguntzeko.
Ikerkuntzaren beharra agerian gelditu da: ezagutza sortu behar da, partekatu behar da, bai; baina, zelakoa da ikerlari baten bidea gurean? Jendearen iruditerian abenturaz betetako bidea da hori, diru-funts amaiezinak eskuetan, munduaren nondik norakoak ulertzeko gakoak bilatzen, aztertzen eta aurkezten dituztenak. Baina, hala da?
Ikerlari izateko bidea ez da erraza. Leyre Gravina Alfonso EHUko irakasle eta ikertzaileak dioenez, "bokazioagatik sartu behar zara ikerketan". Izan ere, azaltzen duenez, ikertzailearena oztopoz beteriko karrera luze bat da, "oso atsegina gustatzen baldin bazaizu, baina gogorra". Eta are nekezagoa ikerkuntza lehen lerroan jarrita ez dagoen herrialde batean, gurean, besteak beste. Horren erakusgarri dugu doktoregai asko atzerrira joan behar izatea euren ikerkuntza-proiektuak garatzeko, baldintza duinago eta erraztasun gehiagoren bila. Alemaniara, Danimarkara, Txinara, AEBetara…
"Gizarte bat eboluzionatzeko beharrezkoa da ikerketan inbertitzea. Herrialde batzuek ikuspegi hori argi dute; beste batzuek, ordea, ez"
Azkenengo datuen arabera, Hego Euskal Herrian 4.400 doktoregai inguru ari dira tesia egiten unibertsitate publikoetan –pribatuetan egoera bestelakoa da–, eta, horietatik, ia 800 kontratupean daude. Azken horietako bakoitzaren egoera askotarikoa da, kasuan kasukoa, baina, orokorrean, bakoitzak 1.000 euroko soldata –edo laguntza– jasotzen du, edo gutxiago. Hala ere, ez da ezohikoa halako beka edo kontraturik gabe doktoretzarako tesia lantzen aritzea, gradu- edo lizentziatura-ikasketak duela asko amaitu zutenen kasuan, besteak beste. Izan ere, datuek nabarmendu dutenez, unibertsitate publikoetan doktoretza lantzen ari diren zenbateko osoaren ia % 20 inguruk baino ez dute jasotzen laguntza ekonomikorik zeregin horretarako; gehienak gazteak izaten dira, karrerak amaitu eta segituan ikertzeari ekin diotenak, hain zuzen ere. Horren harira, gainera, kontratupean dauden asko baldintza duinen alde atera dira kalera azken urteotan, baita ikerlari eta irakasle gisa jarduteagatik, euren arteko soldata-arrakalari amaiera emateko ere, besteak beste.
Kontratua edo beka jasotzeko betebeharrak askotarikoak izan daitezke, eta, Gravina Alfonsok nabarmendu duenez, unibertsitateren edo gobernuren bategaz prestakuntzan dauden ikertzaileen kontratu bat lortzeko bidea "gero eta lehiakorragoa" da. "Ikertzaile batek ezjakintasunari egin behar dio aurre uneoro, arlo guztietan. Egunero praktikan jarri behar da, ziurgabetasunean maneiatzen jakin behar da. Aurre egin beharreko probarik zailenetako bat da hori: ez jakitea beka bat jasoko duzun, ez jakitea aurrera egin ahal izango duzun… Baina, bitartean, lanean segitu beharra duzu", ondorioztatu du doktoreak. Dioenez, ikertzaileek ezetza oso presente dute uneoro: "Saltzeko oso karrera zaila da gurea; hasieran, irabazteko oso gutxi duzu, eta, luzera begira, asko inbertitu beharra dago. Hala ere, zerk bultzatzen zaitu ikerkuntzan sartzera? Bada, nire kasuan, gauzen zergatiak ulertzea atsegin dudalako, eta horixe da behar-beharrezkoa ikerlaria izateko. Ikertzailea kuriosoa izan behar da, jakingura izan behar du, besteak beste".
"Ikerketa-talde batean lan egiten dut orain, doan; hala ere, horri esker merituak lortzen ari naiz ikertzaile gisa curriculuma handitzeko"
Bideari ekiteko prest
EHUko Erizaintza eta Osasun Sustapenerako Ikerketa Taldean lan egiten duen Ainara San Juan Escudero gazte getxoztarra da bide horretan murgildu den doktoregaietako bat. Osasun Biologia Gradua egin zuen Madrilen, EAEn halakorik ez zegoelako, eta, ondoren, Osasun Publikoa Masterra iaz EHUn, Leioan. Master Amaierako Lanaren emaitzak aurkeztu zituen UEUk antolatutako IkerGazte 2021 Kongresuan, Gasteizen, eta, orain, doktoretza egiteko hautua egin du. Izan ere, masterra amaituta, bere etorkizuna zein izan zitekeen hausnartu ondoren, orain arte egindako bide beretik jarraitzea erabaki du getxoztarrak: ikerkuntzan aurrera egitea. "Ditudan aukera guztietatik nirekin bat datorren bidea da ikerkuntza; ezagutzen dudana da, eta uste dut aukera bat izan daitekeela niretzat".
Bere tesiaren nondik norakoak masterrean landutakoen ildotik joango direla dio ikertzaile hasiberriak: "Kirola egiterakoan gure inguruneak zelan baldintzatzen gaituen aztertuko dut. Giza zientzietako proiektu bat da, eta Bilboko auzo ezberdinetako bizilagunek parte hartzea da asmoa, maila sozioekonomikoko ezberdinetakoak denak. Genero ikuspegia ere landuko dut, eta, horretarako, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak izango ditut auzo bakoitzean. Horrela, bakoitzak bizi izan dituen zailtasunak edo onurak jakingo ditut. COVID-19ak eragina izan duen ere aztertuko dut; hau da, ea pandemiak ikuspegi eta behar horietan alderik ezarri duen edo ez".
EHUko doktoretza-aurreko beka eskatu zuen uda aurretik, eta orain gutxi Eusko Jaurlaritzarena. Azaroan egingo du elkarrizketa azken horiekaz, eta, gazteak uste duenez, abenduan jakinaraziko diote onartu duten edo ez: "300 pertsona baino gehiago gaude horren zain, eta 103 laguntza emango dituzte, besterik ez". Behin Eusko Jaurlaritzak onuradunak zeintzuk diren argituta, EHUk bere hautatuen zerrenda argitaratuko du eta, hala, onartua izanez gero, getxoztarrak 2022ko urtarrila eta martxoa bitartean hasiko luke laguntzak jasotzen. Bitartean, baina, bere ikerketa-bideagaz jarraitu beharko du, diru barik. Azaldu duenez, joan den otsailean ekin zion lerro horri, Leyre Gravina Alfonsoren tutoretzapean, eta, ordutik, ez du inolako diru-laguntza ekonomikorik jaso. "Finantzatutako proiektu batean parte hartzeko zortea izan dut nik; horretan lan egiteko eta nire aletxoa jartzeko aukera dut, eta, nahiz eta ordainsaririk ez jaso, nire curriculuma osatzeko bidea eskaintzen dit. Izan ere, honi esker dagoeneko bospasei meritu irabazi ditut. Ikertzailearen hasiera da hau", azaldu du.
Atzerrian ikertzen
San Juan Escuderok bere tesia Euskal Herrian lantzeko erabakia hartu du; baina badaude, behartuta edo ez, atzerrira joan behar izaten dutenak ere zeregin hori gauzatu ahal izateko. Arrate Sainz de la Maza Larrea getxoztarrak, berbarako, Danimarkan dago doktoretza-tesia egiten, DTUn (Danmarks Tekniske Universitet). Bere kasuan, Kopenhagera joan zen masterra egitera, eta, behin hori bukatuta, doktoretza egiteari ekin dio. Azaldu duenez, bertan ezinezkoa da bide hori egitea soldata barik, eta, beraz, "beharrezkoa da, bai ala bai, bekaren bat edukitzea". Horretarako, aukera bi dituzte bertan: beka pribatua lortzea edo ikerketa-talde batek proiektu zehatz baterako lortutako beka handiago batetik soldata lortzea. Getxoztarraren aukera bakarra bigarrena zen eta, koronabirusa tarteko, zaila egin zitzaion ezer topatzea; hala ere, azkenean, bera lanean zegoen zentroko beste talde bateko eskaintza lortu zuen.
"Gorabehera handiko prozesua da doktore-tesia egitea. Laburbilduz, frustrazio eta arrakastez betetako erronken errusiar mendia da"
Doktoregaien baldintzak oso ezberdinak dira Danimarkan eta Euskal Herrian. Sainz de la Mazak azpimarratzen duenez, bertako soldata "nahiko ona" da, eta, ondorioz, "posiblea da bizitza duin bat izatea eta dirua aurreztea. Gainera, lan-baldintzak hobeagoak dira". Orokorrean, Euskal Herrian, doktoregai batek ordu asko lan egin behar izaten ditu bere tesia aurrera eramateko, eta zaila izan ohi da lana eta bizitza soziala edo familia bateratzea eta uztartzea; "presioa, gainera, oso handia izan ohi da ikaslearentzako", aitortzen du Leyre Gravina Alfonso EHUko doktoreak. Danimarkan, aldiz, ikerketaren emaitzak argitaratzeko presioa nabaritzen duten arren, "gehienetan, bi aldeak orekatuagoak daude", azpimarratu du getxoztarrak.
Hala ere, Danimarkan emaitzak lortzeko eta horien kalitatea bermatzeko presioa nabaria dela aitortzen du ikerlariak: "Zenbat eta gehiago lan egin, orduan eta emaitza gehiago lortuko ditut, eta, ondorioz, curriculuma hobetu. Hortxe dago akademia-munduaren tranpa; lehiakortasuna handia da, eta, kontratuak eskatutakoa baino ez duzunean egiten, ingurukoek gehiago egiten badute, zureak baino emaitza hobeagoak izango dituzte eta, ondorioz, diru-laguntza gehiago jasoko dituzte". Horren emaitza da, halabeharrez, bere burua lan gehiago egitera behartzea: "Sistemak berak bultzatzen zaitu horretara bertan jarraitu nahi izanez gero".
Esnean dauden proteina desberdinak ekoizten saiatzen ari da Sainz de la Maza bere tesi-lanean, mikroorganismoak erabilita. Izan ere, dioenez, gaur egun, esnea sortzeko prozesua ez da oso jasangarria: "Nire asmoa da, ingeniaritza genetikoaren bidez, bakterio eta onddoek proteina horiek ekoiztea. Hala, ekoizteko modu horrek ere proteina horien aldaera desberdinak sortzea ere ahalbidetuko luke, gaixotasunak eta alergiak dituzten pertsonentzako beren-beregi diseinatuta".
Momentuz, beste hiru urte emango ditu Sainz de la Mazak Danimarkan, doktoretza amaitu arte, printzipioz. Ondoren, baliteke doktoretza-ondokoren bat egiten geratzea bertan, baina, aitortzen duenez, "egunen batean" Euskal Herrira bueltatzea gustatuko litzaioke, "bertako lan-egoeraren arabera". Hala ere, hasiera batean akademia eta unibertsitate munduan gelditzea gura zuen arren, denborak aurrera egin ahala, industriak gero eta gehiago erakarri egiten du, "edo hobeto esanda, akademiak gero eta gutxiago". Deitoratu duenez, lehiakortasun handia dago, eta presioa handia da. Gainera, ikerlari gaztea izanda, doktoretza bukatu eta hurrengo urteak, kontratu finkorik gabe, bekaz beka ibili beharra dagoela deitoratu du, inolako ziurtasunik gabe: "Ez dago lanerako segurtasunik apenas".
Ildo horretan, Leyre Gravina Alfonso ikerlariak aitortu du tesia egin ondoren, askok ez dutela unibertsitatean lekurik izaten. "Doktore-osteko kontratuak izan ditzakezu, bata bestearen atzetik, baina horiek amaitu ondoren, unibertsitateren batean plazarik ez baduzu, aldatzeko beharra izaten duzu, enpresa pribatuetara, adibidez".