Euskal Autonomi Erkidegoan dauden 700 ikastetxe publiko zein kontzertatuetan –454 eskola publikoak dira, % 65, eta gainontzekoak pribatuak edo kontzertatuak– aurrematrikula egiteko prozesua astelehenean, urtarrilaren 17an, abiatuko du Hezkuntza Sailak.
Eskabideak urtarrilaren 28ra arte egin ahalko dira Haur Hezkuntzan (HH), Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) izena emateko. Horretarako, Hezkuntza Sailak bide bi ipini ditu: online egitea, Hezkuntza Sailaren webgunearen bitartez dokumentazioa aurkeztuz; edo aurrez aurre, aukeratutako ikastetxean bertan.
Gainera, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta seme-alabak matrikulatzeko urrats guztiak Hezkuntza Sailaren webgunean daude zehaztuta. Behin behineko onartutakoen zerrendak martxoaren 8tik 15era argitaratuko dituzte, eta, hortik aurrera, erreklamazioak egiteko epea zabalduko dute. Aldiz, behin betiko zerrendak martxoaren 22an argitaratuko dituzte.