Arnastea oharkabeko ekintza bat da; jaiotzen garenean egiten dugun lehenengo gauza da, eta egiten dugun azkenengoa hiltzen garenean. Tarte horretan, norberak bizi dituen emozioen arabera arindu edo moteltzen da. "Poztuta gaudenean, inspirazioak oso handiak izaten ditugu, eta energia gora doa; gaizki gaudenean, aldiz, kontrakoa gertatzen zaigu", dio Natalia Monge Gomez Organik dantza- eta antzerki-konpainiaren zuzendariak.
Norbera zelan sentitzen den islatzen du arnasketak, eta horren inguruko gogoeta interesgarria proposatzen du, zehazki, Arnasa izeneko antzezkizunak. Mongek azaldu duenez, duela urte bi den-denok konfinatuta geundenean bururatu zitzaion gaia lantzea: "Bat-batean, antsietate kasu bi izan nituen; kontrolaezineko esperientzia izan zen niretzat, bitxia, nire gorputza kontrolatzeko gai nintzela uste nuelako ordura arte". Eta, bizipen horiek inguruko jendeagaz konpartitu ondoren gaia oso ohikoa dela egiaztatu arren, normalean konpartitzen ez direla deitoratu zuen, baita behar hori aldarrikatu ere: "Gizakiak garen heinean, gure barruko arazo guztiak ondokoarekin konpartitzea garrantzitsua da, laguntzen digulako horri horrenbeste garrantzia ez ematen, eta, horrela, blokeoak eta ezulertuak saihestuz".
Horretarako, gainera, dibertsitatearen ikuspegitik abiatutako hausnarketa mahai-gaineratu gura du lanak, proiektu inklusiboa baita, Mongek dioenez: "Aspaldi izan dut interesa mota honetako proiektu bat garatzeko. Horretarako, egin genuen lehenengo gauza izan zen tailer batzuk prestatzea dibertsitate funtzionala zuten gizon-emakumeekin, eta, horretarako hainbat kolektiborekin batu ginen Getxon".
Tailer horietan, konpainiako lagunek Gaude eta Sindrome de Down elkarteetako hainbat kidegaz batuta, arnasaren nondik norakoak landu zituzten, fisikoki eta emozionalki. "Gainera, elkarte horietako erabiltzaileez gainera, eurekin beste edonor etor zitekeen, hala nola amak eta ahizpak; gehienetan emakumeak izan dira".
Hortik abiatuta, dibertsitate funtzionala zuen pertsona bat fitxatu (Carlos Alonso) eta proiektuari forma ematen hasi ziren. "Tailer horiei esker topatu genuen Carlos, eta opari izugarria izan da guretzat, bai proiektuarentzat baita gure bizitzarentzat ere".
Joan den abuztuaren akabuan hasi zituzten entseguak, eta zailtasunak zailtasun, bihar, urtarrilaren 28an, estreinatuko dute lana Kultur Leioan. "Leku askotan entseatu behar izan dugu, hala nola Dantzalabean, La Fundicion-en, Leioan, Valentzian eta Miarritzen. Guk, konpainia moduan, ez dugu leku finkorik prestaketa-lanak egiteko, eta, ondorioz, leku publikoak erabiltzen ditugu han eta hemen", diosku Mongek. Horrek, gainera, prestatzen dituzten lanen eszenografietan eragina izaten duela deitoratu du, "ezin garelako aurrera eta atzera ibili gauza askorekin; ezinezkoa da mugitzea bestela".
Ildo horretan, Organik konpainiako zuzendariak salatu du hainbat udalerritan ordu askotan hutsik dauden antzokiak daudela, eta zailtasun ugari dituztela horiek erabiltzeko: "Guretzako luxua litzateke antzoki horiek erabili ahal izatea".
Beste trabetako bat diru kontuak izaten direla diote konpainiakoek. Urtez urte, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak jasotzen ditu taldeak, baina, horrez gainera, bestelako produktore edo ekoizleen laguntza behar izaten dute gastu guztiei aurre egiteko. "Oraingo honetan, zailtasunak ditugu aurrera egiteko, lau interpreteez gainera, beste hainbat kideren lana dagoelako atzetik; denera, 10 laguneko taldea behar da Arnasa egiteko", deitoratu dute.
Hurrengo ikuskizunak
Leioakoaz gainera, momentuz, data bi konfirmatu dituzte Arnasa taularatzeko: lehenengoa, martxoaren 16an, Donostiako dFERIA jaialdia; eta bestea, martxoaren 20an, Loraldia jaialdian, Bilboko BBK Aretoan. "Ekainean, gainera, Galiziara joango gara jaialdi batean parte hartzera, kolaborazio baten truke", aurreratu dute.