Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, otsailaren 1ean, eta, horren bidez, eskualdeko entitateak 30.000 euro emango dizkio erakundeari. Urteko lankidetza-hitzarmen horren bitartez, gehien behar duten eskualdeko kolektiboei laguntza ematen jarraituko dute.
Adinekoei, umeei, gazteei eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze-programak abian jartzeko konpromisoa jasotzen du sinatutako akordioak. Era berean, komunitatearen prestakuntza eta parte-hartzea sustatu gura dituzte, boluntariotzaren bitartez.
Hitzarmena gaur bertan sartu da indarrean eta 2022ko abenduaren 31ra arte balioko du. Josu Landaluze Mankomunitateko presidentea, Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea eta Mari Luz Palacio Bizkaiko Gurutze Gorriko harreman instituzionaletako presidenteordea izan dira sinadura ekitaldiko protagonistak.
Boluntarioen lana
Landaluzek Bizkaiko 6.000 boluntariok baino gehiagok egiten duten lan handia nabarmendu du, gizarte solidarioagoa, mundu hobeagoa eraikitzeko lana, hain zuzen ere. Mankomunitateko presidenteak Bizkaiko Gurutze Gorriko ordezkariei bere prestasuna, konpromisoa eta laguntza adierazi die interes sozialeko edozein ekimen martxan jartzeko, bereziki kolektibo zaurgarrienei zuzendutakoak. "Lankidetza-esparru honek behar besteko sendotasuna ematen digu Uribe Kostan ditugun gizarte-zerbitzuak indartu eta osatzeko", nabarmendu du Landaluzek.
Era berean, azpimarratu du aurtengo akordioa 20.000 eurotik 30.000 eurora pasatuko dela, Mankomunitateak bere gain hartuko baititu orain arte Sopelako Udalak ordaintzen zituen lokalaren alokairuko 10.000 euroak.
Bestalde, Victor Gutierrezek eskerrak eman dizkio eskualdeko erakundeko presidenteari aurten ere akordioa berritzeko egindako ahaleginagatik. Izan ere, akordio honen bidez, jarduera ugari bultzatzen dituzte elkarregaz. Zehazki, Bizkaiko Gurutze Gorriak Esku-Hartze Sozialeko Plana garatzen du Uribe Kostako eskualdean. Plan honen helburua gizarte-bazterkeriaren fenomenoaren dimentsio guztiei ikuspegi integral batetik heltzea da, gizarteratzeko esparru-estrategia baten bidez.
“Arrazoi desberdinengatik zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona eta kolektiboakaz lan egiten dugu, hala nola adinekoakaz, ume eta gazteakaz, emakumeakaz, gaixorik dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonakaz, errefuxiatuakaz, etorkinakaz... Gure lana haien zaurgarritasuna murrizteko gaitasunak indartzea da, eta, horrela, gizartean integratzen laguntzea”, adierazi du Gutierrezek.
Programak
Zehazki, Uribe Kostan kolektibo kalteberei arreta emateko programa bat garatzen dute, proiektu desberdinen bidez egituratzen dena:
- Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko proiektua: egoera eta kolektibo desberdinei arin erantzuteko proiektua. Hauek dira aurreikusi dituzten laguntzak:
- Energia-pobreziagaz lotutako hornidurak ordaintzeko laguntza.
- Umeentzako produktuen kanpaina puntualak: eskolako materiala, gosariak eta askariak eta jostailuak.
- Eskola-arrakasta sustatzea: kalteberatasun-egoeran dauden familietako umeei hezkuntza-laguntza emateko proiektua. Hainbat jarduera egiten dituzte, astean bi egunetan, gizarte-zailtasuna duten umeen trebetasun teorikoak, pertsonalak eta sozialak eskuratzeko:
- Hezkuntza-errefortzua eta laguntza zereginak egitean.
- Askariak eta sentsibilizazioa elikaduran.
- Eskolako materialaren eta jostailuen unean uneko entregak.
- Familiei zuzendutako orientazio, informazio eta laguntza jarduerak.
- Zahartze aktiboa:
- Eskulan tailerrak, gorputz heziketa eta jarduera gehiago eskaintzen dituzte. Gainera, kolektiboarentzat interesgarriak diren ikastaroak eta hitzaldiak antolatzen dira, irteerak eta elkarte-bizitzan parte hartzeko beste aukera batzuk.
- Laguntza teknikoak maileguan hartzeko sistema bat kudeatzen da, gurpil-aulkiak, ohe artikulatuak, taka-takak, makuluak... alokatzeko zerbitzua, prezio sinbolikoan.
- Boluntariotza: Gurutze Gorria boluntarioak erakartzeko lanean ari da, adinekoen
- Boluntariotza: Gurutze Gorria boluntarioak erakartzeko lanean ari da, adinekoen jarduera aktiboa sustatzeko eta haien parte-hartze soziala motibatzeko, haien gaitasuna eta esperientzia baloratuz eta gizartean eragile gisa kokatuz.