Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Leioako Udalak gaur, barikuan, aurkeztuko dute EHUko Leioako campusa eta metro-geltokia lotuko dituen anezka-zerbitzua. Horren bitartez, unibertsitatea eta Leioa banatzen dituen lau kilometroak elkartzeko autobus elektrikoko sistema berria abiaraziko dutela iragarri dute.
Azpiegitura eta Garraioetako sailburuorde Pedro Marcok eta udalerriko alkate Iban Rodriguezek azaldu dute hemendik aurrera landuko duten proiektuaren nondik norakoak, eta azpimarratu dute bi puntuen arteko mugikortasun jasangarri eta adimenduna autobus elektrikoko sistema baten bidez loturan oinarrituko dela. Erakunde bietako kideek berretsi dute hautabide hori ingurune- eta finantza-iraunkorrari dagokionez aukerarik mesedegarriena dela.
Linea berri horri ekiteko lehen urratsa 2022ko lehen hiruhilekoan egingo dutela iragarri dute, eta, horretarako, Euskal Trenbide Sareak (ETS) udalerriko autobus linea publikoaren diseinua aztertzeko lizitazio egingo du.
"Ingurumen-jasangarritasunaren eta berrikuntza teknologikoaren osagai sendoa duen jarduera da, eta aukera emango du campusaren eta metroaren arteko lotura nabarmen hobetzeko, lehendik dauden zerbitzuak osatuz", adierazi du sailburuordeak, eta nabarmendu du ibilgailuak % 100 elektrikoak izango direla eta beren karga-sistema izango dutela.
Bestalde, Leioako alkatea pozik agertu da akordio horregaz; izan ere, garraio publikoko sare berri bat sustatuko du herrian, leioaztarrei garraio publikoaren erabilera are gehiago erraztuko diena, eta, gainera, garraiobide guztiz jasangarria eta ingurumenarekiko atsegina izango delako. Gainera, balio erantsi bat suposatuko duela azaldu du, "Leioarentzat lan egiten dugun hiri-ereduarekin bat datorrena", hain zuzen.
Jarduerak finantzatu, antolatu eta gauzatzeagaz zerikusia duten alderdiak aurrerago sinatuko diren hitzarmenetan zehaztuko dira.