Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak industria-lurzoruaren estrategiaren aurrerapena aurkeztu du. Estrategia horrek oinarritzat hartzen du erabiltzen ez diren eta berroneratzeko eta deskontaminatzeko premia duten lurzoruak berreskuratzea, eta jasangarritasunaren ikuspegia indartzen du, tramitaziopean dagoen Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiaren esparruan.
Azaldu dutenez, EAEn lurzoru gutxi dago industria bultzatzeko, eta, horregatik, Jaurlaritzak apustu egin du lurraren babes globalaren alde, "elkarrekin uztartuz ingurumenaren zaintza, jasangarritasuna eta enplegua sortzen duen sustapen ekonomikoa".
Eusko Jaurlaritzako Industria eta Jasangarritasun eta Ingurumen sailek elkarregaz egindako lanari esker, posible izan da Sprilur eta Ihobe Sozietatearen arteko lankidetza indartzea, "ekonomia eta ingurumen arloetako helburu bikoitzaren alde". Hala, kutsatutako lurzoruen arloan 2020-2024ko gobernu-programak helburu bezala finkatu du kutsatutako 400 hektarea lehengoratzea sail eta erakunde eskudunakaz lankidetzan.
Testuinguru horretan, lurzorua babesteko politikaren barruan oinarrizko urratsa da Bizkaian, Santurtziko sektoreetan, Barakaldoko Burtzeñan, Muxikako Inaman eta Erandioko Playa Barri eta Sakoni eremuetan; Gipuzkoan, La Herrera Pasaian, Oikia Zumaian edo Arcelor Mital Zumarragan dauden kutsatutako lurzoru historiko garrantzitsuenak berroneratzea. "Aukera historiko bat da ingurumen arloan lehentasun handia duten lurzoru horiek modu egokian lehengoratzea".
Lehengoratze-prozesu hori Sprilur-en (industria lurzoruen birgaikuntzan aditua) eta Ihoberen (kutsatutako lurzoruak berreskuratzen aditua) lankidetza estuaren bitartez bultzatuko da.
Garatuko dituzten jarduerak, Uribe Kostan
Eusko Jaurlaritzak lau partzela erosi zituen 2021ean, 8,5 milioi euroren truke, Playa Barri-Sakoni eremuan. Gune horiek, arduradunek azaldu dutenez, partzialki artifizializatuta daude, baina "lehengoratzeko premia dute". Hala, 2022an eta 2023an lurrak erosten jarraituko du Jaurlaritzak, eta hasiera emango diote hirigintza-tramitazioari, eta lurraren deskontaminazioa hasiko dute.
Lemoizi dagokionez, Basordas inguruan dagoen zentral nuklearraren instalazio zaharrak atonduko dituzte lurreko akuikultura-parke bat ezartzeko. Azaldu dutenaren arabera, hauexek dira egin beharko dituzten lanak: eraistea, berrurbanizatzea, eraikina zaharberritzea eta eraikin berriak jasotzea. Ez dute aurrekontua zehaztu, "garapen-ereduaren araberakoa izango baita". Hala ere, jakinarazi dute ezohiko baliabideak beharko direla proiektu horretarako, horregatik proposatu dute Next Generation proiektuen artean sartzea.