Bizkaiko Foru Aldundiak hamar milioi euro bideratuko ditu lurraldeko 50 udalerrietan kirol-instalazioen diseinua, irisgarritasuna, segurtasuna eta iraunkortasuna hobetzeko proiektuak partzialki finantzatzeko. Egitasmoaren helburua da kirol-egituren erabilera intentsiboa, berdintasunezkoa eta askotarikoa izatea, azpiegitur-sareak gaitasuna izan dezan kirol-premia guztiei modu eraginkorrean erantzuteko.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, programaren aurkezpenean zehaztu duenez, Bizkaiko 10 pertsonatik zazpiri zuzenean hobetuko zaizkie kirol-instalazioak Aldundiaren eta udalen arteko programari esker.
Eskualdean, programa horretatik etekina aterako dute Barrikak, Getxok, Gorlizek, Erandiok eta Urdulizek. Hala, udalerri horietako kirol-azpiegiturak aldatzeko, egokitzeko edo bizigarritasuna hobetzeko jarduketak partzialki finantzatuko ditu Aldundiak; xede horien barruan sartzen dira, halaber, ekipamendua ordeztea eta lehendik dauden instalazioak birbanatzea edo instalazio berriak eraikitzea.
Besteak beste, diru-laguntza jasoko duten proiektuetarako aurreikusitako jarduerak ere zerrendatu zituzten egitasmoaren aurkezpenean: aldagelak gaitzea, instalazioetarako irisgarritasuna hobetzea, kirol-eremuak estaltzea, pantalanak sortzea jarduera nautikoa sustatzeko, igerilekuak berritzea eta ixtea, errugbi zelai bat eraikitzea, padel pistak eraikitzea eta hobetzea, instalazioetan erabilera anitzeko espazio berriak sortzea, rokodromoak eta espazio ez-konbentzionalak sortzea: pumptrack-ak, skate parkak, kalistenia, eta parke bioosasungarriak, hain zuzen.