Egoitzak: zaharra noiz arte berri?

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2022ko ots. 11a, 10:30

Susmoetan eta iritzietan oinarrituko gara hau plazaratzeko. Ez dugu uste lar aditua eta argia izan behar denik, gura izanez gero, bete-betean asmatzen ari garela baieztatzeko. Hara, jaio eta hazi eta hezteko garaian bezala, adinean edo mendetasunean gora egiten dugun heinean, agerian geratzen dira gure zaurgarritasuna eta elkarren beharra.  

Ea ba, itxi begiak eta, asko hausnartu gabe, zein da datorkizun lehen irudia, lehen hitza zaintza horiek noren bizkar, zergatik eta zeren truke egiten diren pentsatzeko esaten badizugu?

"Kulturaz", "tradizioz", betiko alardearekin bezala, sinetsarazten zaigu, kontzienteki ala inkontzienteki, emakumeon zeregina dela, eta horrela hazten gara, hezten gaituzte. Horregatik egoitzen mundu horretan ere zaharra berri emakumeentzat, erabiltzaile, senide zein langile.

Umeen zaintzarekin bezala, ziurrenik eta zoritxarrez, albiste izango dira, kameren xede, etxekoak zaintzen dituzten gizonak, horrelakoetan, sistemak oraindik salbuespen diren gizonak goraipatzen eta bistaratzen baititu bat ere lotsarik gabe.

Mesedez, gizon! Kendu fokutik! Aldarrikatu zaintza-zerbitzu unibertsal eta publikoa gurekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun