Euskararen dialektoak aztertzen jarrita, Euskal Herriko hainbat herritan bildu diren datuak begiratzen has gaitezke. Milaka elkarrizketa aurki ditzakegu sarean, eta hamarnaka liburu har ditzakegu liburutegietako "Euskal gaiak" atalean. Bilatzen hasita, nahikoa datu bildu ditzakegu behar dugun informazioa eskuratzeko. Hortaz, esan dezakegu azterketa egina dagoela jada, ez dagoela ezer berririk aztertu beharrik. Bada, horrela jokatuz gero, jai daukagu!
Batetik, euskal hizkerei buruz jaso diren datu guztien ehuneko handi bat metodologia zehatz honekin jaso da: elkarrizketatuak gizonezkoa, adinekok eta herritik bertatik gutxitan ateratakoa izan behar zuen. Esan beharrik ez dago, XXI. mende aldakor eta zoragarri honetan dezente atzerakoi gelditu zaigula datuak biltzeko modu hori.
«Egunero, 600 milioi txio, 100 milioi argazki eta 100.000 milioi whatsapp-mezu igortzen dira sarera mundu osoan. Horietatik guztietatik, zenbat euskaraz? Eta zein hizkeratan?»
Eta bestetik, bada nik ezin garrantzitsuago ikusten dudan huts bat: non dago Instagram? Non dago Twitter? Eta WhatsApp? Munduan 600 milioi txio, 100 milioi argazki eta 100.000 milioi whatsapp igortzen dira sarera, egun bakarrean. Bada garaia sare sozialetako euskarari begiratzeko, ez duzu uste?
Egin dezagun sorkuntza eta irudimen ariketa erraz bat. Goizean goiz altxatu eta esnea berotu bitartean, Instagramen sartu zara, eduki interesgarrien bila. Institutuko lagunak asteburuan ateratako argazki berria igo du, eta inbidia apur bat ere piztu zaizu; bazenekien azterketarako ikasten zeunden bitartean, zure lagun horrek mendira txangoa egingo zuela larunbatean. Argazki-oinean esaldi hau: "Anbotora igotzen, Urkiolati". Uribe Kostan, nondik bezalako kasuak adierazteko -ti marka erabiltzen dugu (Euskara Batuan jarri ohi den -tik marka baino zaharragoa omen dena), eta zeinen ondo zekien zure lagunak Anbotora igotzeko biderik politena Urkiolati hasten zela.
Egunak aurrera egin du jada, eta eskolatik etxera bueltatzeko ordua iritsi da. Lehengusuarekin elkartu zara meriendatzeko asmoz, baina whatsappa bidali dizu: "Ez itxaron, belu helduko naiz". Horrela esaten diogu gure hizkeran berandu heltzeari, belu. Txokolatezko palmeraren zaporea ezpainetan zenuenean, lehengusua iritsi arte itxaron beharko!
Errealitatera bueltatuz, badugu zeregina hemendik aurrera. Gure herrietako hizkerei begiratzean estereotipo klasikoak alde batera utzi eta ikusmira berriak zabaltzea posible den bezala, posible da gure hizkerak berezko dituen aldaerak whatsappeko kontaktuen artean erabiltzea.