Jatetxeetako janari-xahuketa saihesteko kanpaina abiatu du Mankomunitateak

Erredakzioa 2022ko ots. 22a, 09:00

Kanpainaren leloa "Etxerako modukoa" izango da.

Eskualdeko jatetxeetako plateretan soberan gelditzen den janari-hondarrei balioa eman gura die Mankomunitateak. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, hainbat baliabide eta informazio emango dizkiete Uribe Kostako establezimenduei, abiatu berri duten kanpainan parte har dezaten.

Gaur aurkeztutako kanpainaren bitartez gogoratu dute Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, erakundea osatzen duten udalakaz elkarlanean, urteak daramatzala hiri-hondakinen prebentzioa, gaikako bilketa eta birziklapena sustatzen. Nabarmendu dutenez, Nazio Batuen Erakundearentzako ere lehentasunezko gaia da, eta, horregatik, 2030erako bere Agendan sartu du. Agenda horretan, Kontsumo eta ekoizpen jasangarriari buruzko Garapen Jasangarriko 12. Helburuan, 2030. urterako berariazko helburu gisa planteatzen du “erdira murriztea mundu mailako elikagai-hondakin kopurua, txikizkako salmentari eta kontsumitzaileen mailari dagokionez, bai eta elikagai-galerak murriztea ere, ekoizpen- eta hornikuntza-kateetan”.

Azaldu dute hondakinak kudeatzeko hierarkian, prebentzioa dela lehen estadioa eta garrantzitsuena, eta helburutzat dutela ahalik eta hondakin gutxien sortzea. Ildo horretan, Mankomunitateak jatetxeei zuzendutako kanpaina abiatu du. Jatetxeek lan handia egiten dute hainbat hondakin-frakzioren gaikako bilketan, baina, badute potentziala beste batzuen prebentzioan lan egiteko, eta, bereziki, janari-xahuketaren alorrean. Izan ere, zehaztu dutenez, hiri-hondakinen zatirik handiena materia organikoa da, eta, horren barnean, botatzen den janariak hondakin asko sortzen ditu. Elikagai-xahuketa hori ekiditeko, bezeroei platerean soberan geratzen zaien janaria ontzi berezietan sartu, eta etxera eramateko aukera ematea sustatu nahi da.

Josu Landaluzek, Mankomunitateko presidenteak, adierazi duenez, “gaur martxan jartzen dugu ekimen honen helburu nagusia hiri-hondakinen prebentzio erreala gauzatzea da, bereziki, elikagaien xahuketarekin eta plastikozko ur botilekin lotutakoak”. Neurri eraginkorrak abian jartzea berrerabilera sustatzeko eta jatetxeetan sortutako hondakin guztiak modu egokian gaika biltzea beste jomugak dira”.

Materialak eta informazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, Mankomunitateak hainbat baliabide emango dizkie parte hartzen duten establezimenduei, hala nola ontzi konpostagarriak, ontziak eramateko paperezko poltsak, informazio txartel bat aholkuakaz, eta eranskailua, establezimenduaren atean jartzeko, kanpainako parte-hartzaile modura identifikatzeko. Hurrengo egunetan jatetxeetan jasoko duten gutunean azalduko diete  informazio guztia. Ondoren, bisita pertsonalizatuak egingo  dituzte establezimenduetara.

Kanpainan izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko, Uribe Kostako Mankomunitatera zuzendu daiteke, 688 780 591 telefonora deituta edo posta elektroniko bidez
info.ekogune@uribekosta.eus helbidera idatzita. Izena emateko epea 2022ko otsailaren 28 arte izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun