Gorliz, Plentzia, Barrika, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko 100 gaztek parte hartuko dute joan den otsailaren 19an aurkeztutako Gazteon Abentura Txapelketan. 10 taldetan banatuta, itsasoan, hondartzan, pinudian, mendian zein kaleetan askotariko esperientziez gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, hala nola piragua, orientazio ibilbideak, eskalada, herri kirolak, surfa eta gaueko ibilaldiak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimen honen helburua da 12 eta 15 urte arteko neska-mutil horien artean abentura eta esperientzia “paregabeak” eskaintzea, “betiere elkartasuna, errespetua, bizipoza, laguntasuna eta ingurunearekiko zainketa balioan jarrita”. Gainera, euskararen erabilera bultzatu eta baloratuko dute bereziki, “lagunekin euskaraz bizitzeko ekimen erakargarria proiektatu nahi izan dugu”.
Daborduko, txapelketa martxan dago, eta azkenengo saioa uztailaren 23an izango da, finala eta jaia egingo duten egunean, hain zuzen ere. Festa horretan, azken saioko jokoak, sari-banaketak eta kontzertua egingo dute.