Sindikatuek greba egun bi deitu dituzte Osakidetzan egunotarako

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 23a, 09:39

Osakidetzako langileen mobilizazioa, artxiboko irudian.

Otsailaren 25ean, barikuan, lehen arretan egingo dute lanuztea; hilaren 28an, astelehenean, aldiz, Osakidetza osoan. Bitartean, gaur, eguaztenean, mobilizazioak egingo dituzte eskualdean, tartean Plentziako eta Algortako Bidezabaleko osasun-etxeetan, 18:30ean eta 19:00etan, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren "immobilismoari" aurre egin guran, mobilizazioak egingo dituzte berriro sindikatuek. Hala, greba egun bi egingo dituzte otsailaren 25ean eta 28an. Gainera, zapatuan, hilaren 26an, manifestazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan, 12:00etan, osasungintza publikoa defendatzeko.

Horrez gainera, Ari Du Elkartasun Sareak eta Algortako Herri Plataformak elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko, eguaztenerako. Lehenengoek kontzentrazioa egingo dute Plentziako osasun-etxearen aurrean, 18:30etik aurrera; bigarrenek, aldiz, Bidezabalekoan, 19:00etan. Biek ala biek, kalitatezko osasungintza publiko bat aldarrikatuko dute.

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurkeztu duten ohar bateratua:

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko.

Zalantzarik gabe, mobilizazio horien jarraipen masiboa langileen eta herritarren nekearen isla da. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa gehiago abiarazi ditu, hala nola, Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea. Itxiera hori, gainera, pandemia betean murgilduta gaudenean egiten da.

Manifestaldiak eta gero, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak adierazi zuen pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago familiako medikurik, ezta pediatrarik ere. Esan behar da adierazpen horiek, errealitatea ez islatzeaz gain, Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatu nahi dutela. COVID-19aren krisiak larriagotu egin du lehen ere gertatzen ari zen egiturazko egoera bat.

Zailtasunak daude kategoria batzuetako langileak kontratatzeko, baina Osasun Sailak azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorio dira: alde batetik, 50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira. Datu gisa aipatu daiteke atzerrira lan egitera irteteko egokitasun ziurtagirien eskaerek gora egin dutela nabarmen; eta mugikortasun prozesuetan lehen arretan hutsik geratzen diren lanpostuen kopurua handitu egin dela ere.

Zoritxarrez, egoera hori ez da lehen arretan bakarrik gertatzen. Beste hainbeste gertatzen da arreta maila guztietan eta kategoria guztietan. Osakidetza guztiok gara.

Horrez gain, lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza ikuspegirik eza eta baliabide eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster.

Horrela, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa da. Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan ere: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Bizkaiko Osasun Sarea, Arabako Osasun Sareko sukaldea; Donostia Ospitaleko mantenua; Gurutzeta Ospitaleko mantenua; eta abar luze bat.

Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du osasun zentroetan zerbitzuak ematen dituztenen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun politikak.

Hori gutxi balitz, Osasun Saila Mahai Sektoriala edukiz husten joan da. Aspaldidanik, informazioa emateko esparrua da hori; bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, bai horien edukia. Hain da okerra egoera, Osakidetzak ez dituela betetzen, aldebakarrez, bertan hartutako akordioak. Sindikatuekiko elkarrizketa mespretxatzen du, gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa delarik.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusita eta Osakidetzaren immobilismoa ikusita, bi greba egun deitzea erabaki dugu:

  • Otsailaren 25ean, lehen arretan.
  • Otsailaren 28an, Osakidetzaren esparru guztietan.

Bi greba egun horiekin batera, manifestazioak deituko ditugu 3 hiriburuetan otsailaren 26an, larunbata, goizeko 12:00etan. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei, gizarte mugimenduei eta gainerako erakundeei ere parte hartzeko deia egiten diegu, osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta herritar guztientzat irisgarria izango dena defendatzeko beharrezkoa den aliantza elikatzen jarraitzeko.

Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu jarrera erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia horiek guztiak konpontzeko. Gainera, iragarri nahi dugu ez dugula berriro Mahai Sektorialean parte hartuko benetako negoziazioa eta edukiak planteatu arte.

Hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

  • Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren % 7), horren % 25 lehen arretara bideratuz.
  • Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.
  • 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, % 8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.
  • Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.
  • EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.
  • Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.
  • Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.
  • Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.
  • Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, % 4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.
  • Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko dituen neurriak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun