Mankomunitateak apirilean hasiko du papera eta kartoia jasotzeko kontratu berria, hobekuntzakaz

Erredakzioa 2022ko ots. 25a, 08:40

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak atzo, eguenean, egindako Batzar Nagusian papera eta kartoia gaika biltzeko eta garraiatzeko kontratua ABEEa osatzen duten FCC Medio Ambiente eta GMSM Medio Ambiente enpresei esleitu zien datozen bi urteetarako, beste hiru urterako luzatzeko aukeragaz, 476.520,78 euroko zenbatekoan (BEZa barne). Bozketan aldeko 12 boto izan ziren (EAJ, PSE-EE eta Gorlizko Talde Independentea) eta kontrako 2 (EH Bildu).

Mankomunitateko lehendakaria, Josu Landaluze, pozik agertu da zerbitzua berritzeko eman den funtsezko pausoagatik, hobekuntzak ezarri eta aurreko emakidak zekartzan gabeziak konponduko direlako. “Gure lehentasuna izan da papera eta kartoia biltzeko zerbitzua hobetzea. Bere bolumen ekonomikoagatik, jakin badakigu erakundearen zerbitzu garrantzitsuenetako bat dela, eskualderako funtsezko zerbitzua. Birziklatze-tasa hobetzen eta Uribe Kostako bizilagunei zerbitzu hobea eskaintzen laguntzeaz gain, kontratu berriak hobekuntza asko dakartza, eskualde garbiago, jasangarriago eta ingurumenarekin konprometituago baterantz aurrera egiteko asmoz”, azpimarratu du Landaluzek. Era berean, Mankomunitateko ordezkari nagusiak gogoratu du horrelako kontratuak izapidetzeak epe luzeak eskatzen dituela martxan jartzeko, eta ez dagoela atzera bueltarik, zerbitzu berria apirilean abiatzea aurreikusten baita.

Zerbitzu berriaren berrikuntza nagusien artean, eman beharreko zerbitzuetan hainbat hobekuntza azpimarratu dituzte arduradunek, baita lan-, gizarte- eta ingurumen-baldintzetan ere. Nabarmentzekoak dira:

  • Kontratua bi lotetan banatu da: bata, edukiontziak eta paper komertziala biltzeko, eta, bestea, papera saltzeko. Aurreko kontratuan, enpresa esleipenduna arduratzen zen papera saltzeaz; orain, berriz, Mankomunitatea bera izango da lehengai hori saltzeagatik diru-sarrerak jasoko dituena.
  • Kontratuari atxikitako langileak areagotu egingo dira: lanaldi osoko gidari bat egongo da, eta lanaldi erdiko bigarren bat. Horri esker, egunero edukiontzi gehiago bildu ahal izango dira eta papera birziklatzeko lantegira eramateko denbora murriztu ahal izango da.
  • Merkataritzako atez ateko zerbitzua indartuko da: astean bi egun eskaintzetik gutxienez hiru egun eskaintzera igarotzen da: astelehen, asteazken eta ostiraletan. Esleipendunak aldaketa horren berri eman beharko die atxikitako saltoki guztiei. Gaur egun, zazpi udalerri mankomunatuetako 159 dendek parte hartzen dute.
  • Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, papera biltzeko zerbitzua zapaturo emango da. Hala, udan bilketaren maiztasuna handituko da, batez ere kostaldeko udalerrietan, biztanleria nabarmen handitzen baitute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun