Hitzarmena sinatu dute Unai Errementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta egitasmoan parte hartuko duten udaletako alkateak. Hala, hitzarmena sinatu ondoren, hurrengo urratsa zerbitzua lizitatzea izango da. Horretarako, tarifak eta ordaintzeko modua, 75 gune horien kokapenak eta bizikleten ezaugarriak zehaztu behar dira. Alderdi horiek definitzeko Bredako Unibertsitateko bizikleta-mugikortasuneko adituen aholkularitza eta Bilbo eta Getxoko esperientziak, bizikletak maileguan uzteko udal-zerbitzuak arrakastaz ezarri dituzten bi udalerri, hartuko dira kontuan.
Lehen fasea Bilbo metropolitarrean garatuko da
Bizkaibizi itsasadarraren bi ertzetako udalerrietan hedatuko da, horrelako ezaugarriak dituen zerbitzu bat abian jartzeko eta probatzeko behar den masa kritikoa eskaintzen baitute; bederatzi udalerriek 700.000 biztanle baino gehiago dituzte eta Bilbo hartzen du barnean, lurraldean egiten diren joan-etorri gehienen helmuga eta jatorria.
Era berean, metropoli-eremuko hedapenari esker Bizkaibizi beste garraio publikoko sistema batzuekaz osatu ahal izango da eta, horrela, zentzu eta potentzial handiagoa izango du 2024rako aurreikusita dauden Getxo eta Bilbo arteko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia bezalako azpiegiturak martxan jarrita. Era berean, kontuan hartu behar da Bilboko eta Barakaldoko bidegorrien udal-sareen konexioa, 2023rako aurreikusi dena, bai eta Bizi Planean jasotako beste ekintza batzuk ere, hala nola egoiliarrentzako eta garraio publikoko geltokietako lehen bizikleta-aparkalekuak, tresna-dorreak, unibertsitateko mugikortasunaren arloko prestakuntza edo bizikletari lotutako lanbide-heziketa.