Astebete pasatxo igaro da Errusia Ukrainagaz gerran hasi zenetik. Zelan nabaritzen da guda Errusiako kaleetan?
Moskun, itxuraz, bizitzak normaltasunez jarraitzen duen arren, giroan tentsio handia nabari da, jendea oso urduri eta arduratuta sumatzen da, eta egun batetik bestera tentsioa handitzen ari da. Bestalde, lagunak arduratuta sumatzen ditut eta zaila egiten da gatazka ez den beste ezertaz hitz egitea, oro har.
Gerraren aldekotasuna ala kontrakotasuna atzematen da jendearen artean? Ulertzen dute zer gertatzen ari den eta zergatik hasi den gerra?
Inguruan dudan jende gehiena gaztea da, eta guztiak daude gerraren aurka, argi eta garbi. Gerraren aurkako mobilizazioetan ere, lehenengo begi-kolpean ikusten den jende gehiena gaztea izaten da. Hori bai, susmatzen dut adinean gora eginez gero gerraren aldekotasun handiagoa egon daitekeela, baina susmo bat besterik ez da. Esango nuke jende helduak, bestalde, beldur handiagoa izan ahal diola mobilizatzeari.
Edonola ere, inguruan dudan jendeak ez du ulertzen zergatik hasi den gerra hau, eta oro har ezjakintasuna da nagusi: noiz arte iraungo duen, nola eragingo dien Ukrainako lagunei, Errusiako biztanleengan zer inplikazio izango dituen...
"Komunikabide nagusi guztiek manipulatzen dute, bai mendebaldekoek, bai Errusiakoek. Zaila da gertatzen ari denaren inguruko informazio zehatza izatea"
Zer-zelako informazioak heltzen dira Errusiara gerraren harira? Injerentziarik edo manipulaziorik al dago?
Komunikabide nagusi guztiek manipulatzen dute, bai mendebaldekoek, bai Errusiakoek. Zaila da gertatzen ari denaren inguruko informazio zehatza izatea, eta albiste guztiak tentuz irakurri behar dira, edonondik datozela ere.
Adibidez, Errusiako komunikabide nagusiak modu heroiko batean ari dira lantzen gertakariak: “Garaipena gurea izango da” moduko mezu patriotikoak zabaltzen dituzte; baina mendebaldean ere ez naiz ikusten ari NATO edo Europar Batasunaren jarrera irmoki salatzen duen komunikabide handirik.
Putinen Gobernuaren kontrakoen atxiloketak ugariak izan dira egunotan. Zer egozten diete?
Bai, egunero ehunaka atxiloketa izaten ari dira, Errusian, oro har, ilegala delako edozein motatako mobilizaziorik egitea. Sare sozialetan zabaltzen diren mezuek ere ondorioak izan ditzakete, eta “Gerrari ez” moduko mezu sinplea oso esaldi erradikala bihurtu da. Jendea, dena den, eragiteko beste modu batzuk bilatzen ari da, adibidez kalean esku-orriak banatuz, faroletan pegatinak itsatsiz edo beste modu sotilago batzuekin. Gerraren aurkako sinadura-bilketak ere abian daude kulturako hainbat arlotatik; besteak beste, poetek beren sinadura-bilketa propioa abiatu dute.
Mendebaldeak hainbat zigor ezarri dizkio Errusiari, ekonomikoak gehienbat. Eraginik izan al du horrek bertako herritarren artean?
Bai, mendebaldearen zigorrek modu indiskriminatuan eragingo diete Errusiako biztanleei, politikan inplikazio handiagoa edo txikiagoa izanik ere. Adibidez, euroak 90 errublo inguruko balioa zuen otsaila hasieran, eta 124 errublo ingurukoa du orain, gerra hasi eta gero; gainera, errubloa egunero jaisten ari da, abiada bizian. Horrek prezioen igoera ekarriko du laster eta biztanle guztiek pairatu beharko duten errealitatea izango da.
"Hemen bizirauteko, orain, ahalik eta diru fisiko gehien lortu behar dugu, denbora luzerako"
Errusiako banketxe gehienak SWIFT sistematik atera ditu Europar Batasunak. Zein ondorio izan du horrek Errusian bizi zareten atzerritarron egunerokotasunean?
Hemen bizi garen atzerritarrok, eta Errusian kontu-korronterik ez daukagunok, leku gehienetan dagoeneko ezin ditugu kreditu-txartelak erabili eta zaila izaten zaigu kutxazain automatikoetatik dirua ateratzea. Hemen bizirauteko, orain, ahalik eta diru fisiko gehien lortu behar dugu, denbora luzerako.
Zeintzuk aurreikuspen dituzu bertan? Egoerak baldintzatu du zure etorkizuna bertan?
Printzipioz,hiru hilabetetarako etorri naiz eta maiatza amaiera arte egotea da asmoa, baina egunotan egoera oso azkar aldatzen ari da eta batek daki nola egongo garen hemendik hilabete batera. Orain albisteei adi ibiltzea tokatzen da, eta une bakoitzean neurtzea erabakirik onena zein den eta hemen noiz arte gelditzea komeni den.