Aurreko deialdia formatu digitalean egin zen, eta 2020koa bertan behera geratu zen, baina aurtengo Kosta Trail lasterketa aurre aurre itzuliko dela iragarri dute antolatzaileek. Ekainaren 19an, Uribe Kostako paraje ederretatik egingo den lasterketak izaera solidarioa ere mantenduko du, eta izen-emateetan batutako dirua GaituzSport fundazioari emango diote, aniztasun funtzionala duten pertsonen artean kirola sustatzeko lana sustatzen jarraitzeko.
Era berean, lasterketa eskualdeko aparteko eremuetatik egiten denez, antolatzaileek ingurumena zaintzeko konpromisoa berretsi dute, eta aurten plastikoaren erabilera gutxituko dutela iragarri dute. Hala, ez dituzte plastikozko botilak banatuko parte-hartzaileen artean, bakarrik txapelketako lasterketa ofizialean; horregatik, dei egin dute lasterkari bakoitzak bere botila eraman dezan, ibilbideko iturrietan betetzeko. Neurri horregaz, antolatzaileek plastikozko 12.000 edukiontzi aurreztea aurreikusi dute.
Bestalde, dortsalak emateko plastikozko poltsak ere kenduko dituzte eta seinaleetarako zintak konpostagarriak izango direla azaldu dute. Izena emateko epeak oraindik ez dituzten zehaztu, baina, daborduko, zehaztu dute online formatuan egingo dituztela. Halaber Kosta Trail probaren webgunean eta sare sozialen informazioa eguneratzen joango direla ere iragarri dute.