Kalitatezko osasun sistema publikoa aldarrikatu dute Urdulizko ospitalaren aurrean

Iker Rincon Moreno 2022ko mar. 22a, 15:27

Azken hilabeteotan pilatutako ehunaka erreklamazio-orri entregatu dizkiote gaur osasun publikoaren defentsan borrokan diharduten Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko hainbat plataformek OSI Uribeko zuzendaritzari. Urdulizko ospitalearen aurrean egindako agerraldian azaldu dutenez, kexa horiek azken urte bietan bizitako pandemiak eta horri aurre egiteko kudeaketak agerian utzi dituen osasun publikoaren gabeziak salatzen dituzte, besteak beste.

Osasun publikoaren aldeko Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko zenbait plataformek agerraldi publikoa egin dute gaur, martitzenean, Urdulizko ospitalearen aurrean. Bertan, azken hilabeteotan pilatutako ehunaka erreklamazio-orriak entregatu dizkiote OSI Uribeko zuzendaritzari, kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea exijitzeko.

Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez, hamaika gabezia bizi izan ditu osasun sistema publikoak azken bi urteotan, hala nola presentzialtasun eza, lehen arretaren baliabide falta eta langileen baldintza prekarioak. Salatu dutenez, lehen mailako arreta kolapsatu zenean pandemiari eta profesionalen faltari bota zion Osakidetzak errua, baina, azpimarratu dutenez, "lehen mailako arretak gainez egin badu, urte luzez Eusko Jaurlaritzak hartutako politiken ondorioz izan da. Pribatizazioa, zerbitzuen externalizazioa, sistema publikoko langileen prekarizazioa, murrizketak... izan dira osasun sistema kolapsatu dutenak".

Horren aurrean, Leioan Bizi Plataforma, Algortako Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Erandioko herri-plataforma, Mungiako Izartu eta Txorierriko osasun publikoaren aldeko taldea elkarlanean aritu dira herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde borrokatzeko. Hala, horien arabera, gaur aurkeztutako erreklamazioetan ageri diren unean uneko neurriak hartzeaz gainera, garrantzitsua da doako eta kalitatezko osasun sistema publiko bat bermatzeko neurriak bultzatzea, "hala nola ikerketan eta prebentzioan oinarrituta, eta osasuna modu integral batean ulertuta, pertsona guztion ongizatea lehen lerroan jarrita".

Agerraldian nabarmendu dute ez dutela "inolako" aitzakiarik onartuko justifikatzeko zer-zelako "inbertsio eskasa" egiten ari den osasun sisteman: "Banketxeak erreskatatzeko dirua egon zen bezalaxe, eta orain gastu militarra areagotzeko bidea aurkitu duten bezala, dirua egon badago zerbitzu publikoak indartzeko. Borondate politikoko kontua da".

Hala, bestelako osasun sistema bat eraikitzeko urratsak eman behar direla aldarrikatu dute, langileak prekarizatuko ez dituena, herritarren parte-hartzea bermatuko duena eta herritarren beharrizanak benetan artatuko dituena. "Baita lurralde osoan euskarazko zerbitzua bermatuko duena eta doakoa ere, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun