Ertzainak azaldu duenez, atxilotuak txaletetan lapurtzen aritu den talde ibiltari baten kideak omen dira. Zehaztu dutenez lapurretak gauez egiten zituzten, bizilagunak barruan zeundela; kasuen erdietan jabeak lapurren presentziaz ohartu ziren eta horiek ihes egitea eragin zuten.
Poliziaren ikerketak aurreko otsailean hasi ziren, Getxon eta Balmasedan egindako hiru lapurreten ondorioz. Ondoren, antzeko beste bederatzi kasu zenbatu zituzten Urdulizen, Plentzian, Sopelan, Berangon eta Gueñesen.
Kasu guztietan modus operandia berbera zen: goizaldean, landa-eremu baztertuetan kokatutako etxeetan sartzen ziren ateak edo leihoak palankaz zabaldu ondoren, eta eskudirua eta bitxiak hartzen zituzten. Ertzaintzako iturriek gaineratu dutenez, gaizkileek etxeetako jakiak eta edariak ere hartu dituzte kasu batzuetan.
Atxilotuak egoera irregularrean daude Espainian eta Europako herrialdeek emandako hainbat seinalamendu dituzte Schengen eremutik kanporatzeko. Azaldu dutenez, banda etengabe mugitzen zen hainbat lurraldetan.
Epailearen aurretik pasa ondoren atxilotu biak aske geratu dira baldintzapean: hamabostean behin epaitegietan aurkeztea eta pasaportea kentzea. Bitartean, Ertzaintza antzeko beste gertaera batzuekaz zerikusia ote duten ikertzen ari da.