13/13ko sententzia "injustizia" bat dela salatu dute egunotan Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2022ko api. 4a, 10:57

Ekimen informatiboa egin dute astelehenean goizaldeko 08:00ak aldera.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri ezarritako zigorrak salatzeko mobilizazioak egin dituzte egunotan eskualdean: aste akabuan elkarretaratzeak egin dituzte Berangon, Erandion, Itzubaltzeta/Romon eta Sopelan; gaur, astelehenean, hainbat herritarrek Algortako Makaleta etorbidea moztu dute sententzia hori "denboraz eta lekuz kanpo" dagoela deitoratzeko.

Joan den uztailean hasitako 13/13 auziaren sententzia kaleratu du orain gutxi Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horretan, zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zaio Arantza Zulueta abokatuari, eta hiru eta lau urte artekoak Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri, euskal presoen alde egindako lanagatik; epaiketara deitutako beste hiru kideak absolbitu dituzte.

Sententzia hori bidegabekeri bat dela salatu dute eskualdeko hainbat herritarrek egunotan, "zigor hauek konponbide demokratikoa oztopatzen dutelako". Hala, dozenaka lagunek elkarretaratzeak egin dituzte zapatu-domekan Berangon, Erandion, Itzubaltzeta/Romon eta Sopelan. Gaur, astelehenean, gainera, hainbat lagunek Algortako Makaleta etorbidea, Fadura parean, ekintza informatibo bat egin dute sententziaren nondik norakoak azaldu eta deitoratzeko.

Kritikatu dutenez, sententzia hori injustizia bat da, "irregulartasunez eta eskubide urraketez gainera, berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa delako".

"Gure herrian konponbide demokratikorako hasitako aro berriaren ostean, 'dena ETA da' printzipioa oinarri duten jarduerak salatu nahi ditugu. 13/13 makro-epaiketa denboraz eta lekuz kanpokoa izan da, eta Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko herritarron gehiengoa egiten ari garen bidearen kontrako norabidean da", azaldu dute.

Horregatik, sententziarekiko sumina kaleetara eramateko asmoz, apirilaren 9an, zapatuan, Bilboko Jesusen Bihotzetik 17:30ean hasiko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun