Itsasadarraren azpiko tunelerako lotura guztiak lurperatu egingo dituzte Artatzan

Erredakzioa 2022ko api. 5a, 14:16

Itsasadarraren azpiko tunelaren sarrerak eta irteerak ahalbidetuko duten lotura guztiak Artatzako biribilgunearen azpian lurperatuko dituzte. Beste muturrean, Sestaon, daborduko dauden adarrak eta biribilguneak aprobetxatuko dituzte, horietako batzuk egokituz. Hala, azpiegitura berria Ballontiko ardatzari lotuko zaio, Supersur eta A-8 autopistakaz bat egiteko.

Itsasadarraren alde bietako sarbideak zehaztu ditu gaur, apirilaren 5ean, Bizkaiko Foru Aldundiak. Arduradunek zehaztu dutenez, datorren 2024an hasiko dituzte lanak, eta 3.037 metro izango dituen azpiegitura 2028an martxan egotea aurreikusten dute, 400 milioi euroko inbertsioa eginda.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, loturen diseinua mugarri garrantzitsua da, "milaka gidarik egunero egingo dituzten mugimenduak zehazten dituelako. Loturak eta horien funtzionaltasuna azpiegitura hau arrakastaz erabiltzeko oinarria dira".

"Maila eta garrantzi horretako azpiegitura bat eraikitzeko proiektua idazteak aurretik azterlan ugari egitea eskatzen du, hainbat alternatiba aztertzea, lurpean laginak hartzea eta miaketak egitea, trafikoaren mikrosimulazioak egitea, eta abar. Azken batean, erabaki asko hartu behar dira obrak hasi aurretik, segurtasun handieneko baldintzetan trazadurarik onena eta lotunerik egokienak aukeratu direla bermatzeko, eraikuntza-metodorik egokiena eta eraginkorrena identifikatzeko, ingurumen-inpaktuak minimizatuko dituen proiektu bat egiteko eta eraikitzeko garaian egon litezkeen ustekabeak ahalik eta gehien mugatzeko", azaldu du diputatuak.

Imanol Pradalesek gogorarazi du proiektua idazteko fasean dagoela orain: lizitazioa 2020ko irailean egin zen 10,5 milioi euroko zenbatekoan (BEZa barne) eta kalkuluen arabera 2023ko udan amaituta egongo da. "Une horretatik aurrera obra lizitatu beharko da eta, ondoren, itsasadarraren bi ertzak Artatza eta Ballontiko biribilguneen artean lotuko dituen ibaiaren azpiko eraikuntza abiaraziko litzateke. Obren iraupenari dagokionez 4 urte ingurukoa izango da, eta 400 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da", laburbildu du.

Artatza eta Ballontiko loturen deskribapena

Itsasadarraren azpiko tunela lotuko duten eta itsasadarraren bi ertzetan, Artatzako biribilgunean eta Ballontiko ardatzean, zirkulazioak antolatuko dituzten loturetarako konponbidea aukeratzeko hilabeteetako azterketa eta lana egin behar izan da. Diputatuak azaldu duenez, 30 alternatiba baino gehiago alderatu dituzte bi lotuneetan, "optimoak aurkitzeko". Eta konparaziozko analisi horiek egiteko trafikoen simulazioak egin dituzte puntako orduetan 2028an, zerbitzuan jartzeko aurreikusitako urtean, eta ondorengo urteetan.

Bi lotuneetan  diseinu-irizpide nagusiak honako hauek izan dira: inguruneko ardatz nagusi guztietatik ahalik eta irisgarritasun handiena bermatzea; ingurunearen gaineko eragina minimizatzea, bereziki espazio hauskor edo zaurgarrienetan (parkeak, eskolak edo berdeguneak); eta azpiegitura berriaren gaitasuna ziurtatzea etorkizuneko eskari-hazkundeen aurrean.

Eskuinaldeko lotura

Eskuinaldeko lotuneak aukera ematen du Getxo eta Leioa artean Artatzako biribilgunean elkartzen diren hiru ardatz nagusiak itsasadarraren azpiko tunelagaz lotzeko. Hiru ardatzok hauek dira: Avanzadako errepidea Bilbotik; Uribe Kostako korridorea eta Avanzadako errepidearen luzapena Zugazarterantz (Getxo).

Artatzako biribilgunearen azpitik lurperatuta doan errei baten sarrera- edo irteera-adarren bidez egingo da konexioa. Horrela, ardatz nagusiek tunelagaz dituzten konexio guztiak zuzenak dira, eta horrek beste lotura-konfigurazio batzuetatik erator daitezkeen kapazitate-arazoak saihestuko ditu.

Tunelaren irteerek honako konfigurazio hauek dituzte:

  • Avanzadarako irteeran lurpeko zati edo adar bat eraikiko da Avanzadaren alboko bidearen azpian, Bilborako noranzkoan. Hortik Leioara eta Avanzadako tunelera irits daiteke, maldan dagoen zati batean zerupera atera ondoren.
  • Uribe Kostako korridorerako irteeran, pasabide bat jarriko da gaur egun Artatzako biribilgunearen azpian dagoen azpiko pasabidearen azpitik, eta, hortik, Berangorantz eta Algortarantz zirkulatu ahal izango da, korridorearen enborrean eratuko den lotura bategaz.
  • Avanzadatik Zugazarte alderako luzapeneko irteeran lubaki bat ezarriko da egungo bidearen erdibidean, Avanzada eta Los Chopos hiribidearen luzapenaren bidegurutze batera iristen dena.

Beste alde batetik, tunelerako sarbideek honako konfigurazio hau izango dute:

  • Avanzadatik egongo den sarbidea eskuinaldetik ezarriko da, Leioatik enborrera doan sarreraren eta Artatza auzorako irteeraren artean.
  • Uribe Kostako korridoretik ibai-azpiko azpiegiturara sartzeko dauden egiturak aprobetxatuko dira, eta sarrera zuzena egongo da biribilgunearen azpiko pasabidetik. Erabilerarik gabeko eremua aprobetxatuko da.
  • Sarbidea Zugatzartetik erdibitzailetik egingo da, eta gorago aipatutako ibai-azpiko tuneletik aterako den adarragaz partekatuko du egitura.
Ezkerraldeko lotura

Itsasadarraren azpiko tunela Ezkerraldetik abiatuko da, A-8 autobidea eta Ballontiko Ardatza gutxi gorabehera perpendikular dauden eremu batean.

Tunelaren irteerak honako hauek izango dira:

  • Ballontiko ardatzera irteera Nervaceroko biribilgunetik.
  • A-8 autobidera irteera, Bilborako noranzkoan, dagoen konexioaren bidez.
  • A-8 autobidera irteera, Ezkerraldea/Meatzaldea/Kantabria noranzkoan, lehendik dagoen konexiotik.
  • HSra irteera, lehendik dagoen konexiotik.

Tunelerako sarbideei dagokienez:

  • Sarbidea Ballontiko ardatzetik, Galindoko biribilgunearen bidez.
  • Sarbidea A-8tik, Bilborako noranzkoan, goi-egituran dagoen lotura baten bidez.
  • Sarbidea A-8tik, Ezkerraldea/Meatzaldea/Kantabria noranzkoan, A-8 eta Galindoko biribilgunea lotzen dituen konexiotik; konexio hori egokitu egin beharko da.
  • Sarbidea MHStik, lehendik dagoen konexiotik; lotune horrek A8 eta Galindoko biribilgunea lotzen ditu eta hori ere egokitu egin beharko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun