Umeentzako Jolasean blai ekimena egingo dute Pazko astean Uribe Kostako herrietan

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 16:15

Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz herrietako 5-10 urte bitarteko umeentzako hainbat jolas desberdin egingo dituzte, euskaraz modu hezitzaile batean bizitzeko eta dibertitzeko aukera izan dezaten. Jarduerak Pazko astean eta apiriletik ekainera bitartean egingo dituzte.

Jolasa oinarri izanik, formatu ezberdinetako jarduerak landuko dituzte eskualdeko umeakaz Jolasean blai ekimenari esker: jolas kooperatiboak, robotika, herri orienting, ipuin kontalariak, barreterapia, betiko jolasak... Horien bitartez, eskolatik kanpo, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko umeei, beraien denbora librean, euskaraz jolasteko eta dibertitzeko aukera eskaini gura die Uribe Kostako Mankomunitateak. 

Horren helburu nagusia hizkuntzen ohituretan eragitea izango da, hau da, euskararen ezagutza eta erabilera indartzea eta euskara eskolako hizkuntzagaz soilik ez lotzea, beti ere, modu erakargarri baten bitartez: jolasagaz. Beraz, aipatutako udalerrietako 5-10 urte bitarteko gaztetxoak izango dira jolas horietako protagonistak eta euskaraz modu hezitzaile batean bizitzeko eta dibertitzeko aukera izango dute. Parte hartzea irekia izango da eta ez dago zertan izena eman behar; gainera, nahi izanez gero, gurasoek ere parte har dezakete jardueretan.

Egitasmoa zati bitan banatuko da: alde batetik, Pazko astean, martitzenetik barikura, apirilaren 19tik 22ra, bitartean jolasean aritzeko aukera izango dute eskualdeko gaztetxoek; bestetik, udara bitartean, astean behin, herri bakoitzean Jolasean blai aritzeko aukera ere izango dute ekainaren 19a arte:

  • Pazko astea, apirilak 19, 20, 21 eta 22:
    • Barrikan, udaletxeko plazan eta, euria balego, liburutegian; 17:30-19:00.
    • Gorlizen, Iberre barri plazan eta, euria balego, frontoian; 11:30-13:00.
    • Lemoizen, Armintzako kultur etxean, Urizar gelan; 11:30-13:00.
    • Plentzian,Ontziola plazan eta, euria balego, Goñi portalen; 11:30-13:00.
    • Sopelan, Jauregizar plazan; 11:30-13:00.
    • Urdulizen, Antsoneako plazan; 11:30-13:00.
  • Apirilaren 25etik ekainaren 19ra:
    • Barrikan, udaletxeko plazan eta, euria balego, liburutegian; 12:00-13:30.
    • Gorlizen, Iberre barri plazan eta, euria balego, frontoian; 112:00-13:30.
    • Lemoizen, Armintzako kultur etxean, Urizar gelan; 17:00-18:30.
    • Plentzian, Ontziola plazan eta, euria balego, Goñi Portalen; 17:00-18:30.
    • Sopelan, Jauregizar plazan; 12:00-13:30.
    • Urdulizen, Antsoneako plazan; 17:00-18:30.

Ekainera bitartera data, leku eta ordutegietan aldaketak egon litezke, eta jakinarazpenak Uribe Kostako Mankomunitateko sare sozialetan argitaratuko dituztela jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun