Hiru urteren ondoren, 22. Korrikak berriro hartuko ditu aurten Euskal Herri osoko kale eta errepideak. Itsasertzean olatuek ematen diote bultzada eta Pirinioetako azken tontorreraino heltzen da, gauez zein egunez, gelditu gabe.
Pasio eta emozio betez bizi ditugu, petoa jantzita, bide ertzean Korrika igaro arte itxaroten ematen ditugun une zirraragarri horiek. Berandu bada ere, beti heltzen da korrikalari olatu koloretsua. Albotik pasatzean ilea tentetu egiten du. Segundo gutxi batzuk irauten ditu momentu berezi horrek, baina nahikoa da deskribaezina den hori sentitzeko: poza eta hunkidura. Emozioa eta zirrara. Urduritasuna eta ustekabea. Indarra eta lasaitasuna. Kemena eta harrotasuna.
Zenbat sentipen, eta denak bikoteka. Egitura horri, alegia, elementuak bikotean jartzeari koordinazioa deritzo hizkuntzalaritzan eta baita logikan edo matematikan ere. Euskaraz ‘eta’ lokailuaren bidez sortzen ditugu eta euskalki guztietan zehar erabat orokorra da hitzak edo esaldiak lotzeko lokailu hau erabiltzea.
Baina, betidanik erabili izan dugu ‘eta’ lokailua? Ez, aspaldiko euskal hiztunek bazuten hitzak lotzeko modu oso berezi bat, mendeak joan eta mendeak etorri desagertuz joan dena. Koordinazio forma zahar honek -gaz atzizkiarekin lotzen zituen hitzak: zu eta ni = zugaz ni.
XVIII. mende amaiera arteko testuetan ageri den koordinazio forma da hau, eta bere aurkikuntzak badu gure euskalkiekin harremana. Testu zaharrak aztertzen dituzten hizkuntzalariek mendebaldeko hizkerei loturiko ezaugarria zela uste izan zuten hasieran, beste euskalkietan agertzen ez zena. Izan ere, forma bitxi honen bidez loturik agertzen ziren hitzak Bizkaiko eta Gipuzkoako testu zaharretan besterik ez baitziren agertzen. Ikertzaileek, ordea, euskararen historia osoan zehar bildu diren idazki, bilduma, kantu eta ipuinak arakatu dituzte forma bitxi honen bila eta hara non, behin baino gehiagotan agertu da inork espero ez zuen eremuetan: Nafarroa iparraldeko ibarretan, Sakanan eta baita Araban ere. Joan Perez Lazarraga XVI. Mendeko idazle arabarrak ere hala izendatzen zituen bere izen-abizenak: apelliduagaz nombrea.
Badirudi, beraz, hitzak lotzeko modu bitxi eta zahar honek bere bidea egin zuela, behinola, Euskal Herriko hainbat txokotan zehar. Korrikak egiten duen bezala, emozioagaz zirrara barreiatuz, herriz herri, lekukoagaz ikurrinak bidea zabaltzen duela.